Ezabaturiko memoria berridazten

eneko

Euskal Herriaren bihotzak gogotsuago eginen ditu taupadak datozen urteotan. Nafarroa Bizirik Fundazioak bultzaturik, euskal Estatuaren memoria berreskuratzea xede duen parkea eraikitzen ari dira Etxarri Aranatzen. Gure iragana ezagutzera emanen duen liburu berdea izanen da, hain zuzen ere. Arkaitz Almortza.

Historia. Zer da? Nork idatzia da? Gertaera guztiak biltzen al ditu? Atzera begira jarriz gero, ikusiko dugu gure herriaren historian, gehienetan, indartsu eta boteredunek eman dutela gure iraganaren berri. Izan ere, nork ez du ezagutzen Napoleon Bonaparte? Edota Kristobal Kolon? Ziurrenik, Euskal Herrian ez da aita-amaren seme-alabarik egonen pertsonaia horiek ezagutzen ez dituenik. Aldiz, galdetuz gero nor izan zen Nafarroako Pedro edota nortzuk izan ziren Ja­tsu anaiak, erantzun zuzenen kopurua txikiagoa izanen litzateke, alde handiarekin, gainera.
Egoera hori, baina, aldatu eginen da. Izan ere, Nafarroa Bizirik Fundazioak bultzatuta, Enneco: Haritzaren memoria gunea eraikitzen ari dira Etxarri Aranatzen, Euskal Herriko bihotzean: “Helburua da euskal Estatuaren memoria berreskuratzea, ikerketarako eta hausnarketarako leku izatea” azaldu digu egitasmoko kide Vicente Azpilikuetak.
Haritzak hostoak emanen ditu aurki; haatik, sustraiak orain dela zortzi urte bota zituen, Nafarroaren Konkistaren bosgarren mendeurrenaren harira. Garai hartan, lan handia egin zen iraganeko gertakariak ezagutarazteko. Historialari zein historiazaleek iritzi publikoan txertatu zuten konkistaren gaia, eta ordura arte “anexio” hitza erabil­tzen zuten asko konkista hitza erabiltzen hasi ziren; UPN alderdia, kasu.
Herritarren indarra sua harrotzeko hauspoa izan zen. Hori horrela, Nafarroako Estatuaren sugar zaharrak indartuz joan ziren, eta memoria historikoa berreskuratzeko gune bat eraikitzea beharrezkoa ikusi zuten aipatutako fundazioko lagunek: “Herritarrek ezagutu behar dute antzina zer izan ginen, nolakoa zen herri hau burujabea zenean; finean, ahazturik dagoena berreskuratu eta eskoletan kontatu ez digutena zabaldu”.  
Herritarren liburua
Beriain eta Aralar mendien artean, 60.000 metro koadroko liburu berdea izanen da Enne­co (horrela idatzi dute hala agertzen delako pertsonaia aipatzen duen lehen erreferentzian). Lehenengo kapituluan, hau da, eraikin nagusian, bisitariek 778. urtera eginen dute salto, eta garai horretatik abiatuta 1630era arte Euskal Herriko historian garrantzitsuak izan diren pasarteak eta pertsonaiak gertutik ezagutzeko aukera izanen dute; testuliburuetan agertzen ez direnak, alegia. Aretoetan zuzenbide piriniarra, Eneko Haritzaren jaiotza edota Nafarroako Erresumaren historia ezagutzeko aukera izanen dute gerturatuko diren irakurleek: “Gela batean, omenaldia egin nahi diegu herri honen historia ezagutzera emateko lana egin dutenei”.
Orotara, 10 ataleko liburua izanen da ibilbidea. Horien artean, Euskarak bere lekua izanen du: “Ez dugu nahi hizkuntzaren jatorriaz hausnartu, baizik eta bizirik irauteko egin den lan eskerga goratu, hala nola ikastolen edota gau-eskolen sorrerari buruz hitz egin. Izan ere, lan handia egin baita gaur egun duguna lortu ahal izateko”.
Emakumeek ere beren atala izanen dute: “Herri honen historian izan duten papera nabarmendu nahi dugu; horretarako, emakumeei eskatu diegu eremu honen kudeaketa; hots, emakumeek kontatuko digute beren historia”. Gainerakoetan, Paleolitikoa, mitologia eta ohiturak lantzeko aukera izanen dute bisitariek, baita erakusketa iraunkorreko eta erakusketa aretoko lanak ezagutzeko parada ere.
Horrekin guztiarekin batera, Erdi Aroko dorre bat eraikiko dute parkean. Originala izanen da, garai hartako baliabideak erabiliz altxatuko dute eta: “Konkista garaian, Cisnerosek nafarren gotorlekuak suntsitzeko agindu zuen. 500 urte geroago, bat eraikiko diogu” dio Azpilikuetak irribarrez. Modu berean, kastro (herrixka) baskoia eraikiko dute, garai hartako herritarrak nola bizi ziren ezagutarazteko. Horretarako, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntza izanen dute.  
Herritarren arkatza
Azken emaitza interpretazio gunea bada ere, eraikitze prozesutik egonen da zer ikasirik. Izan ere, Euskal Herriko historiaren gunean bizilagunek euskararen herria antola­tzeko historikoki baliatu duten sistema erabiltzen ari dira: auzolana izeneko arka­tza. “Herritik eta herriarentzat eraikitzen ari garenez, auzolana da gure oinarria. Lanean hasi ginenetik, jende askok egin du bat gure deialdiarekin, batez ere Hego Euskal Herriko lagunek”.
Enneco Etxarri Aranazko kanpinaren ondoan dago kokatuta, Basopokale eta Danbolintxulo izeneko parajeen artean, pagadi eder baten bihotzean. Nafarroako historia idatzi ahal izateko, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako lagunek garbiketa lanak egin dituzte Ingurumen Zerbitzuko adituen zuzendaritzapean; beti ere bertako landareak eta zuhaitzak errespetatuz eta babestuz. “2022. urterako zabaldu nahiko genuke, Amaiurko gudaren bosgarren mendeurrenean, baina aurretik hainbat gune irekiko ditugu, bisitariek eraikitze prozesuan parte har dezaten”.   
Horiek horrela, auzolanaren bitartez, herritarrak izango dira testuliburua idatziko dutenak. Bide berari jarraiki, ekarpen ekonomikoen bidez ere lagun dezake edonork. Egun, 600 bazkide dituzte, eta sindikatu, alderdi politiko, ikastola elkarte zein komunikabide talde batzuen babesa ere badute: “Nestor Basterretxeak harrerako eskultura egin zuen (5 metro luze da), eta haren kopiak banatzen ari gara diru kopuru jakin bat ematen digutenen artean”. Ekarpen ekonomikoa egin nahi dutenek www.enneco.org helbidean dute informazio guztia.   
Marrazturiko bidean aurrera eginez gero, 2015. urte hasieran ezarriko dute aurreneko harria Sakanako interpretazio gunean. Urtean, 20.000-30.000 bisitari espero dituzte, batez ere Euskal Herriko ikastoletako eta eskoletako ikasleak: “Herri guztiek dituzte beren heroiak, baina hemen ez ditugu ezagutzen. Non daude herri honen alde bizia eman zutenak? Zergatik ez ditugu ezagu­tzen? Gure lana izanen da ezkutatu zaigun historiaren berri ematea” gaineratu du. Horrela, herritarrek idatziko dituzte gure historia liburutik ezabatutako pasarteak, nor izan ginen, zer garen eta nora goazen hobeto ulertzeko. Euskal Herriaren bihotzak gogotsu eginen ditu taupadak.