Larzabaleko harri biziak

hilarri

Euskal Herrian, antzinako ehortzeta errituei loturiko ondare ezagunetarikoak dira hilarri biribilak. Horien sinbolo, irudi eta formen interpretazio ugari daude, baina gutxik eman dute zalantzan jatorri paganoa daukatela. 1972tik aurrera, Lauburu elkartea hasi zen hilarri ondare horren bilketa eta azterketa lanetan;  2007an, Ipar Euskal Herriko hainbat tokitan bildutako harri biribilak Larzabaleko (Nafarroa Beherea) Interpretazio Zentroari eman zizkion ikusgai egoteko. Maialen Errecart.

Larzabale-Arroze-Zibitze udalerriak ireki zuenean ehorzteko arteari eskainitako Euskal Herriko lehen interpretazio zentroa, beraz, burutu egin ziren Lauburu elkartearen lanak. Erakustokia irekia izatea nahiago izan zuten orduan sortzaileek; horregatik dira ehun bat hilarri kanpoaldean, barneko gunea argibide paneletarako eta bideo gela baterako antolatua dagoelarik. Hain zuzen ere, Harriak Iguzkitan eman zioten izena, arte herrikoi honekiko harremana denon eskura jartzeko asmoz. Beste batzuen artean, Belokeko abade-etxeko aita Marcel Etchehandyk 50eko hamarkadan, (babestuak ez ziren garaian), jasotako hilarri biribilak ikus daitezke: besteak beste, jatorriaren arabera sailkatuta (Garazi, Amikuze, Aturri-Beherea…). Horrez gain, bisitariari aukera emana zaio antzinako euskal ehorzketa errituak ezagutzeko, heriotzaren inguruko sinesmen aniztasunaren erakusgai.
Euskal Herriko ehorzteko ohitura zaharrek IX. mendera arte iraun bazuten ere, handik aurrera usadio giristinoak sartu eta lurperatzea hasi zen nagusitzen. XVII. mendean agertu ziren lehendabiziko gurutzeak hilerrietan; handik gutxira, hilarri biribilak ordezkatuz joan ziren. Alta, Lauburuko kideek diote hilarri zaharren salbatzeak, XX. mende amaieran,  euskal ehortze artearen berrikuntza nabarmena ekarri zuela: “Euskal Herrian, mundu osoan bezala, hilarriek bizidunak gonbidatzen dituzte oroitzera bizia txinparta iheskorra eta misterio handi baten parte dela”. Horren harira doa, hain zuzen, gizakia kosmosean kokatzen duten harri biribilen egitura berezi-berezia.
Harria, biziaren aztarna
Oinarrizko eredua disko formako harri laua izaten da, harri zizelkariak eraikidura zehatz bati jarraituz marraztua. Ardatz bertikalak harriaren bizkarrezurra itxuratzen du, horretan baitira osagai nagusiak aurkitzen: gurutzea edo bizi zuhaitzaren gisako kristau sinboloak, adibidez. Diskoaren hegian, lau gune antzeman daitezke: maiz, horietarik bik  tankera berdina daukate; hirugarren guneak, berriz, bestelako itxura dauka, ardatz bertikalean dagoelako; eta laugarrenari trantsizio gunea esaten zaio. Adituek diote ardatz bertikal eta horizontalaren arteko bidegurutzean dagoen gunea dela garrantzi­tsuena, harri zizelkariaren konpasak utzitako zuloa ager baitaiteke. Biribil huts horrek ere badauka esanahia, adieraz lezakeelako erdigune horretatik ateratako eguzki prin­tzak harri osora hedatzen direla, indar iturri baten antzera, eraketa orokorraren erroa edota esanezinaren sinbolo. Harriaren norabideak heriotzarena eta biziarena irudikatzen ditu, argiaren eta energiaren mugimenduen bitartez. Hilarri horien forma nagusia zirkulua izanda ere, laukian bateratuz zerua eta lurra sinbolizatu nahi izan dira. Era berean, kultura korronte ezberdinei irekiz ere, forma berriak agertu dira. Zirkulua espazio amaigabe eta neurtezinaren ikurra da; beraz, esaten da hilarriek ibilbide kosmikoan kokatzen dutela gizakia.
Azken hilarri uhinean, XVI. eta XVII. mendeetan, garai haietako ideia berri­tzaileak suma daitezke: Nikolas Koperniko astronomoaren tesi aitzindariak, esate baterako. Izan ere, euskal oroitarrietako seinaleetan nabari daiteke haren teoria: Lurra ez dela Unibertsoaren zentro fisiko geldia eta planetak eguzkiaren inguruan dabiltzala. Dena dela, oroitarri bakoitza bakarra da; per­tsona batez erran nahi dena laburbil­tzen du, gehienetan eguzkiari edo naturari lotutako seinaleez gain.  XVII. mendetik goiti, hilerrietako baratzeak antolatzen hasi ziren, lur, landare eta harriez osatuta, bizitzaren eta heriotzaren zikloari jarraitzen dioten zuhaitz hostoerorkorren artean. Landareak hilobien artean hazten dira, hilobiok ekialdera begira direlarik (sortaldeak berpizkundea sinbolizatzen du-eta).
Ondarearen oihartzunak
Ondoren, seinale kristauak eta ehortze errituak zabalduz joan ziren Euskal Herrian. Etxe bakoitzak bere hilobia zeukan: hasieran, lurrez estaliak, emazteek kontu handiz artatuak eta haurrek loreztatuak; baina pentsa daiteke soilik etxeko nagusiek zutela hilarria hilobiaren gainean. Lotura handia zen, garai hartan, etxearen eta hilobiaren artean. Heriotza baten karietara, ahukuak derrigor ibili behar zuen bide berezi bat, herrirako bide arrunta ez zena; gainera, hil-bide horrek arau zorro­tzak errespetatu beharra zuen: esaterako, ez zen inoiz he­tsia izan behar. Hileta egunean, lehen auzoa elizara joaten zen gurutzearen bila, eta, andere-serorak hil ezkila jotzen zuen bitartean, etxera eramaten zuen. Hil-ganbaran zendua garbitu ondoren, lehen auzo emazteak mihise zuri berezi batez estal­tzen zuen, eta ispilua oihal batekin gorde, hilaren isla ikus ez zedin. Herritarrak orduan etor zitezkeen bisitaren egitera.
XX. mendeko ikerketa etnografiko batek ohitura horiek guztiak zerrendatu zituen, eta Lauburu elkartearen lana horren osatzean eta aztertzean datza. Larzabaleko gunea ohitura eta sinesmen horiek guztiak ezagutarazteko sortu bada ere, hilarrien ikur eta formen aurrean norberaren interpretazioari eman dio lehentasuna, datu etno­logiko, historiko eta artistikoak eskain­tzeari  baino.
Larzabaleko Hilarrien Interpretazio Zentroa egunero bisita daiteke, urririk. Plazako saltzaile edo ostalari zenbaiti galdetuz (zerrendatuta daude horiek), nortasun agiri baten truke eskura daiteke gunean sartu ahal izateko karta magnetikoa. Izan ere, egitasmoaren helburua da kultura ekoizpen batetik harago joatea, tokiko biztanleen parte hartzea bultzatuz. Ereduetatik kanpo geratu nahi du, beraz, Harriak Iguzkitan guneak, biziari eta heriotzari lotutako sinesmenak bezala, bidea zabalik utzita bai geroa sortzeko iraganaren ezagutzari, bai eta bakoitzaren sentimenari ere.