19. Korrikak euskahalduntzera gonbidatzen gaitu

korrika

Ez, izenburuan irakurri duzuena ez da akatsa, Korrikaren gonbita baizik. Abian da 19. edizioa. Euskal Herriko bide eta errepideetan oraindik ez, baina dagoeneko eman du lehen urratsa: aurkezpena. Korrika arduradun Asier Amondok eman ditu ezagutzera hemeretzigarrenaren nondik norakoak. Bilboko Arriaga antzokian, amaituko den lekutik, oso metro gutxira. M. Egimendi.

Hasi, berriz, Nafarroa Beherean hasiko da Korrika 19. Ez dago inon idatzita, baina ohitura, ia tradizio, bihurtu da euskararen aldeko lasterketa aurrekoa bukatutako lekutik gertu hastea: 18.a Baionan amaitu, 19.a Urepeletik abiatu. Datak ere nahiko jakinak izaten dira: Aste Santuaren aurreko igandean finitu behar duenez bere ibilbidea, hamaika egun lehenago, ostegunez, jartzen da mar­txan. Edizio hau, hortaz, martxoaren 19 eta 29 bitartean ospatuko dugu.
Korrika 17k euskalakari hitz berria plazaratu zuen antzera, 19.ak momentuz Euskaltzaindiaren Orotariko Hiztegian ez dagoen beste berba bat zabalduko du lau haizetara: euskahaldun. Izan ere, euskaldunok euskahaldun bihurtzera gonbidatuko gaitu, Euskal Herria euskalduntzeko norberaren eta taldearen ahalmenean sinetsi eta berau erabiltzera. Hala dio 19. Korrikaren mezuak: “Batu ditzagun nire, zure, haren ahaleginak eta biderka dezagun gure ahalmena auzolanean”.
Euskararen aldeko lasterketa erraldoiak, 19. edizioan, auzolanaren balioan jarriko du indarra. Euskal Herria, euskararen herria, “euskaldun eta euskaltzale guztiok” osatzen dugula abiapuntu, aldarrikapen honekin dator: “Guztion artean, auzolanean eta elkarlanean, lortu ahal dugu euskaraz biziko den herria, euskalakariz osatutako herria. Herri honek auzolanean eta elkarlanean lorpen handiak egin ditu (Korrika bera, esaterako) eta, iraganean bezala, gaur egun ere eskuzabala eta ahaltsua dela frogatuko du. Hori da Korrikaren eta AEKren nahia”.
Hain zuzen ere, 19. Korrika nahia ahala dela sinetsita dator, ahalmen pertsonal eta kolektiboa: “Norbanakook auzolanean zein erakundeekin batera elkarlanean. Dakienak erabiltzeko eta ez dakienak ikasteko ahala; ikasteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko ahala; euskaltegiak ikaslez betetzeko ahala; euskal kultura hedatzeko eta euskal hedabideak aupatzeko ahala; euskara taldeak laguntzeko eta euskalgintza babesteko ahala...”.
Korrika 19k “ahalmen metaketa” izan nahi duela dio bere mezuan, “bide berrien abiapuntu”. Gutako bakoitzaren eta gu guztion nahiak eta ahalak, auzolanak eta elkarlanak, ekarriko dutelako Euskal Herria, benetan, Euskararen Herria izatea.
Omendua, Durangoko Azoka
19. Korrikaren mezuak argi aitortzen du herri honek auzolanean eta elkarlanean lortu dituela gauza handiak. Horregatik omenduko du jarduteko modu horren eredu den Durangoko Azoka. Horregatik eta 2015ean, Korrika burutuko den urtean, alegia, Azokak mende erdia beteko duelako.
Egun, Azokak ia 50 urteko ibilbidea dauka, Durangoko lehenengo euskal liburu eta disko azoka 1965ean egin bai­tzen; eta, abenduan ez ezik, azaroaren 1ean ere, Domu Santu egunez. Sortu berri zen Gerediaga Elkarteak antolatu zituen ekitaldien artean lehenengoetarikoa izan zen hura. Frankismoaren diktadurapean, azoka hark helburu nagusi eta argia zuen: Euskal Herriko liburugintzaren eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea.
Orduko azoka hura etengabe hazi eta zabaldu da azken mende erdian. Apurka-apurka, liburuen eta diskoen eremua gainditu eta euskal kultur eragileen topagune bihurtu da. Hala, gaur egungo azoka ez da liburuen eta diskoen saltoki soila. Orain, euskal kultur eragileak, sortzaileak eta kon­tsumitzaileak batzen ditu, euskalgintzaren eta euskal kulturaren bilgunea da, eta euskaldunen eta kulturzaleen ezinbesteko topalekua, urtean behingoagatik bada ere. Horregatik guztiagatik uste izan du 19. Korrikak oso merezia duela euskalakari ororen omenaldia.
Martxan da Korrika 19, beraz. Datozen bost hilabeteotan, Euskal Herri osoan zehar gauzatuko dira euskararen aldeko lasterketak bere inguruan sortzen dituen kultur ekitaldiak, laguntzaile kanpainak, kantak, lehiaketak, atxikimenduak, jaiak, materialak, unitate didaktikoak... guztiak ere auzolanean, euskahaldun guztion elkarlanari esker.