“Herri txikietako monitoreak pilota munduaren gakoetako bat dira, heroi anonimoak”

BARRIOLA

Abel Barriola (Leitza, 1978) 1998tik da pilotari profesionala. 2001ean jantzi zuen lehen mailako aurreneko txapela, lau eta erdikoa. Eta buruz burukoa, 2002an. Binakakoa, aldiz, ez zen 2014ko maiatzera arte iritsi. Iruñeko Labrit frontoian entrenatzen harrapatu dugu leitzarra. Elkarrizketa bukatuta, zazpi bat urteko mutikoa hurbildu zaio, autografo eske. Izena galdetu dio Abelek: Unai. “Pilotaria zara?”, profesionalak umeari. Eta honek, sorbaldak jasota, “gustatzen zait, baina...”. Gustura zirriborratu dio Barriolak libreta, baina susmoa eragin dio erantzunak, Unairen adineko mutiko askok nahiago dutelako futbola. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Unai bezalako gaztetxoak pilotara hurbiltzeko, badago nahikoa baliabide?
Giroa badago, eta pilotaren alde lan egiten duen jende asko ere bai. Hori eskertzekoa da, herri txikietako monitore horiek ez baleude, pilota gaur egun beste egoera batean egongo litzatekeelako. Nolabait esatearren, pilota munduaren heroi anonimoak dira, gakoetako bat, eta lan ikaragarria egiten dute frontoian musu-truk. Askotan ez zaie batere eskertzen, eta, deskuidatuz gero, errieta bat edo beste ere jasotzen dute. Gazteei dagokienez, afizio handiko ume txiki asko daude, baina futbolak indar ikaragarria du, eta horretatik pixka bat aldendu eta pilotan sartzea oso zaila da. Lehen Leitza, Goizueta eta Areso bezalako herri txikietan futbolak ez zeukan horrenbesteko indarrik, baina orain Osasuna Fundazioa indar handiz sartu da. Azken batean, sakrifizio txikiagoa eskatzen du futbolean jokatzeak pilotan jokatzeak baino, eta ume txiki askok denbora gehiago eskaintzen diote futbolari pilotari baino. Pilotan ez dizute txandalik ematen, ez dago horretarako azpiegiturarik, ezta indar ekonomikorik ere, baina Osasuna Fundazioak txandala, kamiseta eta praka motzak ematen dizkizu, eta hori amua da umeentzat. Futbola asko gustatu arren, niri horrek min handia, pena, ematen dit, baina horren aurka ezin da ezer egin.
Halere, badirudi Nafarroa dela azkenaldian esku pilotaren sehaska...
Labealdiak izaten dira. Batzuetan Nafarroatik ateratzen dira, eta beste batzuetan Gipuzkoatik aterako dira. Orain, profesional mailan, indarrak oso berdinduta daude Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiaren artean. Eta gazteei begiratuta, Gipuzkoatik oso pilotari onak datoz.
Nabaritzen duzue pilotari gazteak beteranoei bultzaka datozela?
Bai, bai, gogor datoz! Gainera, gero eta belaunaldi indartsuagoak dira, bai indar aldetik, bai koordinazio aldetik. Lehengoan, Jokin Altunarekin jokatu nuen. 18 urte ditu, Amezketakoa da eta, zorte pixka bat baldin badu, izarra izango da kirol honetan.
Eta frontoira lehen baino ikusle gazteagoak joaten dira orain?
Nik ez dut aldaketarik ikusi profesional mailan hasi nintzenetik. Pilotazalea izatea ez da adin kontua, edozein adinetako jendeak ikusten baitu. Egia da garaiak aldatu direla eta beharbada orain jende gutxixeago joaten dela, baina Labrit, adibidez, neguan ia larunbatero betetzen da. Beraz, jendea etortzen da frontoira oraindik, gazteak, helduak, txalo asko jotzen duena, hotzagoa dena... denetik. 80ko hamarkadako bideoak-eta ikusita, agian orain jende gazteak festa giro handiagoa jartzen du...
Pilotari batzuk kexu dira partida gutxi programatzen dizkietelako; krisiaren eragina da?
Krisiaren eragina denok nabaritzen dugu, baita kirolak ere. Pilotaren kasuan ere bai. Hau kate bat da eta, normala den bezala, pilotariak ere egoera berrietara egoki­tzen jakin beharko du. Orain ez da lehen adina partidu jokatzen, jokatzen diren ia guztiak txapelketa edota torneoetakoak dira; garai batean, ordea, partidu piloa joka­tzen zen herrietako jaietan. Garaiak aldatu egin dira eta krisiak eragina izan du pilotan, nahiz eta, nire ustez, krisi hau kontuan hartuta, pilota egoera onean egon.
Gainera, orain etxean ikus daiteke pilota. Azkenean, telebistak on ala kalte egiten dio pilotari?
Esan bezala, garaiak aldatu egin dira, baina zorionez, eskupilotaren onerako, kirol honek jakin izan du egoera berrietara ongi egoki­tzen. Telebistan ateratzeak mesede egin dio eskupilotari, dudarik gabe. Baina inork ikusiko ez balitu, ez lituzkete telebistaz emango. Telebistak behar du pilota eta pilotak behar du telebista, elkarri ematen diotelako.
Hirugarren txapela lortuta, orain  “bakean” erretira zaitezkeela adierazi zenuen. Agurrean pentsatzen, ala?
Ez, edo ez nuen ondo azaldu, edo ez zait ondo ulertu. Esan nahi nuen pilotariontzat gure ogibidea hau denez, saiatzen garela gauzak ahalik eta hobekien egiten. Baina gure pasioa ere bada, gure afiziorik handiena. Hortik begiratuta, beti ditugu kirol helburu batzuk, eta horiek lortzen saiatzen gara. Nire kasuan, eskuz banakakoa lortua nuen, baita lau eta erdikoa ere, eta binakako hori falta zitzaidan. Jantzi bat osatzearen antzeko zerbait zen niretzat, eta, behin lortuta, nolabaiteko lasaitasuna sentitu nuen, arlo guztietan. Eskupilota nire ogibidea da, ez naiz batere kexatzen izan dudan ibilbideaz, gustura nengoen egindakoarekin... baina hirugarren txapela lortuta, kirol helburuak ere osatu ditut eta, alde horretatik ere, lasai nago. Espero dut hemendik aurrera ere lanean jarraitzea, eta, garaipen gehiago iristen badira, hobekiago.
Ez duzu Titinen marka hausteko asmorik?
Ezta pentsatu ere! Oso zaila da, Titinena salbuespena dela esango nuke. 25 urte dituzunean, pentsatzen duzu 28 edo 29 urterekin oraindik jokatzen ariko zarela. Gero beharbada lesio baten ondorioz ez zara iristen, baina normalena da 30 urterekin pilotan jokatzen aritzea. 36 urte beteta, aldiz, ezin da epe luzerako helbururik jarri, ezin da pentsatu 40 urterekin jokatzen segituko duzula, urte batetik bestera gainbehera handia etor daitekeelako. Urteak pasatu ahala, eguneroko lanari begiratu behar zaio, alegia, eguneroko helburuak jarri. Eta hortik aurrera, gertatu behar dena, bada, gertatuko da. 
Martinez de Irujoren helburua, hiru txapelak urte berean. Zurea, hiru txapelak kirol ibilbidean. Izaera kontua?
Errealista izatea da, azken batean. Kirolari batek, bere errendimendurik onena emateko, dohain asko behar ditu, fisikoak zein mentalak. Batzuk indartsuagoak dira eta beste batzuk, asko entrenatuagatik ere, ez horrenbeste. Denetik dago. Garrantzi­tsua da nor bere dohainekin konformatzen jakitea, horiei etekin handiena ateratzen saiatuta. Nik hiru txapel irabazi ditut, hiru diziplina ezberdinetan, eta, horretaz aparte, final asko jokatu ditut. Ni konforme nago. Irujok beste dohain batzuk ditu, argi dago azken urteotan eta historian izandako izar handienetako bat dela, eta berak beste helburu batzuk ditu. Nork bereak ditu eta, horiek lortzeko, buru-belarri saiatu behar du, ahalik eta onena ematen.
Zurekin, bost pilotarik baino ez dituzte lortu hiru txapelak. Pilotarien Olinpoan sentitzen zara orain?
Olinpo asko daude pilotarien artean, baina bost horien artean egoteak poz handia ematen dit. Eta harrotasun puntu bat ere sentitzen dut, batez ere zein diren ikusita: Julian Retegi, historikoki handienetako bat; Fernando Arretxe, niretzat eredu izan den pilotaria; eta Irujo eta Aimar Olaizola. Nik ezagutu ditudan pilotaririk onenak dira, ikaragarriak. Horien artean egotea, harrotasuna baino gehiago, ohore handia da nire­tzat.
Halere, Olinpora 2011n iristeko aukera kendu zizuten, lesio bategatik finala ­atzeratzea onartu ez zizutelako. Hiru urte geroago atera duzu arantza, baina ordukoa ahaztuta dago?
Ez, baina aurrera egiten jakin behar da. Horrelako egoerak gertatzen dira norberaren karreran edo bizitzan, injustiziak ere gertatzen dira, baina ezin naiz erabat atzera begira egon, aurrera ere begiratu behar da. Nire ustez, orduan egin zena injustizia handia izan zen, horrenbeste lan egin eta finalera iritsi ondoren, eskubidea frontoian bertan irabazita, astebeteko atzerapenagatik joka­tzeko aukera ez ematea... Momentu zailak izan ziren, baina aurrera egin beharra dago. Hala egin nuen eta azkenean, esaerak dioen bezala, denborak gauza bakoitza bere tokian jartzen du. Kasu honetan, lortu dut nire helburu nagusietako bat zena, falta zitzaidan binakako txapel hori irabaztea, hain zuzen.
Lesio gogor eta luzeak pairatu dituzu zure ibilbide profesionalean. Zerbait ikasteko balio izan dizute?
Bai, lesioek asko irakasten dute. Eskuetako lesio hura, eta belaunekoa, asko kostatu zitzaidan sendatzea. Ofizio guztietan jakin behar da hankak lurrean edukitzen, eta kirolak baditu bereizgarri batzuk beste ogibideekin alderatuta; izan ere, goi-goian egonda horrelako lesio bat etortzen bada, bizitzako arlo guztietan bikain egotetik hurrengo egunean ia ezer ez edukitzera iristen zara, etxeko zimendu guztiak hausten ari balira bezala: lesio zail bat, ebakuntza, ez dakizu osatuko zaren ala ez, maila berean jokatuko duzun ala ez... Hori guztia oso denbora laburrean. Beraz, umiltasun ikasgai handia dira. Lesioek irakasten dute ez dagoela ezer ziurrik, ezin dela dena kontrolatu, gaur goian eta bihar behean egon zaitezkeela eta denetarako prest egon beharra dagoela.
Hitz egiten da euskaraz frontoietako aldageletan?
Pilota unibertsala da. Horrekin esan nahi dut hizkuntza asko hitz egiten dela aldageletan; halere, argi dago euskarak indar handia duela eskupilotan, Euskal Herrian asko jokatzen delako eta euskaldun askok jokatzen dugulako. Ondorioz, euskaraz ere asko hitz egiten dugu aldageletan. Gero, bikotekidea edo aurkaria erdalduna bada, normalean erdaraz hitz egiten da, baina euskal hiztuna baldin bada, beti euskaraz. Jendearen arabera, aldageletan nor dagoen, hizkuntza bat edo beste hitz egiten da, baina euskara asko erabiltzen da, bai.
Zer esango zenieke euskaltegietako ikasleei animoz jarrai dezaten?
Guk euskara txikitatik bizi izanaren zortea dugu, guretzat naturala da. Norberaren mentalitate politikoa alde batekoa edo bestekoa izanda ere, denok gaude ados euskara hemen urte asko eta askoan hitz egin dugun hizkuntza dela. Nire ustez, aberasgarria da pertsona batentzat euskaraz hitz egitea eta, kontzientzia aldetik ere, txalogarria da ikasten saiatzea, behintzat. Dudarik gabe, merezi du saiatzea, gero ikasi edo ez ikasi.

KOLKOTIK

Frontoia, zigarro kez beteta ala kerik gabe? Aukeran, hobea izango da kerik gabe, baina berdin zait. Kearekin ohitu nintzen eta ez nintzen hartaz ohartzen. Zer eman dizu pilotak? Dena, pilotarekin hazi eta hezi naiz. Naizena, ona ala txarra, hein handi batean, pilotagatik naiz. Eta kendu? Honetaz bizi ahal izateko, gauza batzuk egiteari utzi diot, baina ez da kentzea, neuk aukeratu nuelako. Gustuko pilotari bat? Fernando Arretxe. Jokatzeko frontoi bat? Iruñeko Labrit; alde zaharrari lotuta egotearen bitxitasuna du, eta polita da. Eta partidua ikusteko? Beteta eta giro ona egonez gero, Eibarko Astelena, jendea oso gainean dagoelako. Futbola gustuko duzu, zein da zure taldea? Osasuna, txikitatik, baita 2. mailan egonda ere. Pentsatua duzu zer egingo duzun erretiratu ondoren? Ez, urte eta erdiko kontratua daukat oraindik, baina pixkanaka pentsatzen hasi beharko da. Partxisean ere galdu nahi ez duten horietakoa zara? Ez, pilotan irabaztea gustatzen zait, baina ez dut burua galtzen irabazteagatik. Gogoan duzu Tolosako debut profesionaleko emaitza? Ez, baina irabazi nuela gogoratzen dut; eskuz banaka jokatu nuen eta partida 18 tantotara izan zen, oker ez banago. Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Katalunian kontsulta egiten utzi dutela.