Euskal Zine Bilera, erakusleiho eta topagune

 

 

 

ZINEBILERA

Indartsu dator Lekeitioko 37. Euskal Zine Bilera, euskara hutsean egindako euskal zinemagintzaren topagune bakarrean inoiz baino lan gehiago aurkeztu baitira. Orotara, 59. Nolanahi ere, hautespen batzordeak 48 aukeratu ditu horien artean: 30 lan amateur eta 18 lan profesional. Batzuk zein besteak Zilarrezko Antzara jasotzeko lehiatuko dira azaroaren 23tik 29ra, nor bere kategorian, ohi legez. Maila bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpen, Gidoi eta Argazki arloak sarituko dituzte, baita Film Onena ere. Egile gazteentzako Gazte 22 saria ere banatuko dute, eta aurten, estreinakoz, genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lanak An­tzar Morea saria jasoko du. Haatik, film emanaldiak eta lehiaketa ez dira izango Zine Bilerako osagai bakarrak. Izan ere, bilkura sendotu eta bileraren adiera indartze aldera, euskal zinemagintzari buruzko jardunaldia egingo baitute azaroaren 29an.


AZPEITIAKAMIKAZ Kolektiboaren Euli-giro lanaren estreinaldiarekin hasi ziren iragan urriaren 31n Azpeitiko XXXII. Euskal Antzerki Topaketak, eta azaroaren 23ra arte egitarau oparoa eskainiko dute. Esaterako, beste estreinaldi bat izango da azaroaren 8an: Lakrikun antzerki taldearen Non gaude? obra, Greban gaude trilogiaren azken zatia. Estreinatu berri diren beste bi antzezlan ere izango dira ikusgai: batetik, Maskaradaren Arkimedesen Printzipioa, azaroaren 7an, eta Dejabu panpina laborategiaren Arrastoak hilaren 15ean, bestetik. Horiez gain, haur nahiz helduentzako lanak ikusi ahal izango dira: Txaloren Mollie Malonen ipuin sinestezina; Azpeitiko emakumeen tailerraren Orekaren desoreka; Teatro Paraisoren Erpurutxo... Bestalde, antzerki alternatiboaren ziklo berezia egingo dute Azpeitiko gaztetxean. Hala, hilaren 20, 21 eta 22an, Dxusturi konpainiaren Konpota, Metrokoadroka taldearen Zertarako hegoak? eta Ramon Agirre eta Inaxio Tolosaren Koka Kola eta barea eskainiko dituzte, hurrenez hurren.


LABURREAN

BOTEREARI buruzko hausnarketa proposatu du Atx Teatroa konpainiak estreinatu berri duen Arren ganbara eta emeen sotoa lanaren bidez. Luis Riaza Espainiako antzerki berriaren egile garrantzitsuenetakoaren El desván de los machos y el sótano de las hembras lana du oinarri. Iñaki Ziarrustak itzuli, egokitu eta zuzendu du, eta Eñaut Gantxegi, Iosu Florentino, Eneko Sagardoi eta Marina Apariciok antzeztuko dute. Urriaren 17an aurkeztu zuten lana Bilbon, eta, aurrerantzean, hainbat lekutan ikusi ahal izango da, hala nola, azaroaren 9an Zarautzen, eta otsailaren 20an Bergaran..

AZAROAREN 1ean Madrilen estreinatu ostean, hilaren 12an Gasteizen izango da ikusgai Barealdi magikoa, Tanttaka Teatroak eta Espainiako Antzerki Zentroak elkarrekin ekoitzitako antzezlana. Alfredo Sanzolek idatzi eta zuzendua, duintasuna eta bizitzaren zentzua bila­tzeari buruzko lana da. Harkaitz Canok euskaratu du, eta Jose Kruz Gurrutxaga, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Itziar Ituño eta Martxelo Rubio ditu aktore. Gasteizen ostean, Donostian ikusi ahal izango da urtarrilaren 22tik 24ra, eta Bilbon, berriz, hil bereko 29an.

BILBOKO Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioaren eta Ibarrekolanda Institutuaren eraikinetan ezarriko da Euskal Autonomia Erkidegoko Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak irailean iragarri zuenez. Datorren urtean zabalduko dute, eta dantza eta antzerkia ikasteko aukera eskainiko du 2015-2016 ikasturtetik aurrera.