‘50’, Patxi Zubizarreta eta lagunen lan berria

zubizarreta

Itxura, liburuarena du. Hala ere, Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964) idatzitako 50 obra ez da eleberri hutsa, Mintxo Cemillan marrazkilariaren irudiez horniturik egoteaz gain, CD bat ere baduelako atzealdeko azalean. Eta disko horretan, Joserra Senperenaren piano-konposizioak, Oihane Igerabideren harpa eta Maddi Oihenart, Antton Valverde eta Rafa Berrioren ahotsak. Lana argitara eman duen Txalaparta argitaletxearen hitzetan, “argi dago liburuko hitzek gaitasun seduzitzaile handiagoa bereganatzen dutela imajinak eta musikak lagundurik datozenean”. Zubizarretak hiru adiskideren gorabeherak konta­tzen ditu nobelan: Joseba piano-jotzailearen 50. urtebetetzea dela eta, lagun dituen Nikolas idazleak eta Rafael pintoreak bainuetxe batean eskainiko duten errezitaldira gonbidatuko dute, txangoa ezusteko oparia izango delakoan. Hala, road movie gisako batean, nork bere bizitzari begiratu eta bere sekretua kontatuko du: heriotzak, gatazka sozial eta intimoak, gaixotasunak, amodioak... Ospakizuna, ordea, deskalabru bihurtuko da.


 

ZIMURRAKZIMURRAK izenburuaz kaleratu da euskaraz Paco Roca komiki egile valentziarraren Arrugas komikia. Astiberri argitaletxeak argitaratu du Bego Montoriok itzulitako lana. Alzheimer gaixotasuna duen bankuko exekutibo erretiratu baten bizimodua kontatzen da bertan, Emilio zaharren egoitzara eraman baitu familiak. Han egunerokotasun geldoan murgilduko da, ordutegi finkoek markatutako errutinari lotuta: botikak hartzeko ordua, siesta, jatorduak, gimnasia, oheratzeko ordua... Migel gelakideak lagunduko dio gaitzaren kontra borrokatzen, memoria ez galtzen ahalegintzen, azken solairura, ezinduenera, eraman ez dezaten. Rocak samurtasunez landu du gaia, tarteka umore ukituren batekin, baina sekula karikaturan erori gabe. Gainera, narrazio sinesgarria osatzea lortu du, dokumentazio lan zorrotzari esker.

 


TUNELAKTunelak, izarak, mozorroak eta bafleak
Josu Martinez
Elkar, 2014

Munduan hainbat ihesaldik izan duten ospea ikusita, egileak gurean gertatu direnei buruz idaztea erabaki eta azken 50 urteotan jazotako hamar ihesaldiren kronika kontatu du, gaiari buruzko ikerketa orokorra egiteko asmo barik. Halaber, ez da bere xedea izan guztia biltzea, ez eta objektibitate historikoz egindako tratatu bat osatzea ere. Liburuko ihesaldi batzuk aski ezagunak dira, baina ezezagunak beste hainbat. Denak, hori bai, ausart eta irudimentsuak.

 

PARADISUParadisu zinemak
Aritz Arrizabalaga
Ediciones Beta, 2014

Gurasoen traizioengatik, Hiritik Herrira alde egin zuen Txikik. Gustura dago bertan Txapas eta Jon lagunekin, herri dinamikan parte hartzen eta Luziarekin bizitzen. Batzuetan baino ez da nahigabetzen: ipuin lehiaketa bat irabazi zuenetik, besterik ezin duela sortu konturatzean; eta gurasoei konpromisozko bisita egin behar dienean. Horrelakoetan, eskerrak ondoan dituen Paradisu zinemak... Aritz Arrizabalaga (Igorre, 1983) Durangoko Julene Azpeitia ipuin lehiaketa irabazia da, baina hau da bere lehen nobela.