Gerra txikia

gerra txikiaLander Garro
Susa, 2014

Gerra txikia du izenburu Lander Garroren (1975, Orereta) azken eleberriak, baina Hirurogeita bat gerra txiki ere izan zitekeen; izan ere, 61 ataletan dago banatuta bederatzi urteko Xabi protagonistaren nerabezaro aurreko bizitza.
1983ko Oreretatik Hendaiara joan da bizitzera Xabi, amarekin eta anai-arreba zaharragoekin batera, bertan baitago aita errefuxiatuta. GALen garaia da, eta laster etorriko dira hilketak, atxiloketak, deportazioak eta ikurrinak. Horiekin batera, ordea, edo, are, horien gainetik, Xabiren barne mundua azaleratuko da. Besteekiko harremanek sorrarazten dizkioten beldurrak, jakin-minak, ilusioak eta etsipenak ezagutuko ditu irakurleak, atalez ataleko ikaspen eta hausnar txiki edo, zergatik ez, sakonen bitartez.
Horregatik, hari narratibo bera jarraitzen duten kate-begi horietan aurkituko ditugu Xabiren lagun berriak, lehen musuak, lehen zigarretak, lehen manifestazioak, lehen kontu asko. Ohea bustitzen duen mutikoaren barne prozesu batzuetan garratz, besteetan gozo.
Hortaz, esan genezake bi plano daudela: Euskal Herriko historiaren pasarte gazi-gozoak, batetik; Xabiren bidaia intimoa, bestetik. Halere, bi plano horiek ezin hobeto uztartzea lortu du Lander Garrok, eta istorio hunkigarri bezain mikatza eskaini digu.
Hirurogeita bat gerra txiki, beraz. Edo handi. Izan ere, ba al da gerra txikirik?
Alaitz Andreu