Hobelex, euskarazko lehen lexiko-zuzentzailea

Akats ortografikorik gabe ez ezik, lexiko zuzen eta eguneratuarekin ere euskaraz idazten laguntzen duen tresna aurkeztu du UZEIk: Hobelex, euskarazko lehen lexiko-zuzentzailea. Euskara batuan egoki idatzi ahal izateko tresna lagungarria da Hobelex. Izan ere, zuzentzaile ortografikoek akats ortografikoei erreparatzen diete, ez, ordea, lexikoari. Hutsune hori betetzera dator Hobelex. Horretarako, Euskaltzaindiaren arauak eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordearen erabakiak eta irizpideak ditu oinarri. Gainera, etengabe eguneratzen da Hobelex. Erabilera erraza du, erabiltzailea idazten ari den bitartean egiaztatzen baititu testuko hitzak, zuzenak ez direnak edota hobe daitezkeenak azpimarratuta. Azpimarratutako hitzen gainean klik eginda, zuzenketa proposamenak ikusten ditu erabiltzaileak. Doako tresna da Hobelex, eta www.uzei.com/hobelex helbidean deskarga daiteke. Oraingoz, Microsoft Office-n programetan erabil daiteke.


EDORTA AGIRRE sukaldari­tzan adituak Elikadura Hiztegia eta Elikadura Hiztegi Entziklopedikoa paratu ditu sarean kontsultak egiteko. Elikadurarekin zerikusia duten hainbat gai landu ditu bi lanotan: sukaldaritza, elikaduraren antropologia, gastronomia, nutrizioa, enologia... Elikadura Hiztegian, euskal hitza, sinonimoak, izen zientifikoa (biziduna bada) eta espainolezko, frantsesezko eta ingelesezko baliokideak azaldu ditu. Elikadura Hiztegi Entziklopedikoan, aldiz, beste hainbat arlo landu ditu: hitzen etimologia, jatorria, azalpena, bilakaera historikoa, balio gastronomiko eta nutrizionala, Euskal Herriarekin duen lotura... Lau mila hitzetik gora bildu ditu bi hiztegietan, baina oraindik ere hitz gehiago ikertzeko asmoa du Agirrek. Bitartean, orain artekoak kontsultatzeko aukera eskaintzen dute aipaturiko lanek.


GALDAKAOKO Udal Euskaltegiak 600 ariketa baino gehiago ipini ditu sarean edozein euskara ikaslerentzat eskuragarri: adi­tza, deklinabidea, joskera, entzumena nahiz irakurmena lantzeko ariketak, mailaka; A1 eta A2 mailetarako hiztegi irudidun musikatuak eta bakarka egiteko sekuentzia didaktikoak. Horrez gain, bestelako edukiak ere ipini dituzte, hala nola, atsotitzak, asteroko bideoa, estekak... Horiek guztiak eskuratzeko, http://www.galdakao.net/euskaltegi webgunera jo behar da.


LOLIPOPANDROID sistema eragilearen bertsio berria, Android 5.0 Lollipop izenekoa, euskaraz ere erabili ahal izango da, Googlek jakinarazi duenez. Beste hainbat berrikuntzaren artean, 15 hizkuntza gehiago baliatzeko aukera gehitu diote, eta tartean da euskara, galiziera, tamila eta beste zenbaitekin batera. Horrenbestez, behin sistema eragilea eguneratzeko aukera dagoenean, euskararen aldeko hautua egin ahal izango dute erabiltzaileek.