Faro ikusezinak

Ederra New Yorken sortu den saltsa. Udalak bertoko telefono-kabina zaharrak berritzeko enkargua egin dio TITAN izeneko enpresari. Enpresak txukun-txukun utzi ditu kabinak eta, betiko telefonoaz gain, Wi-Fi konexioa, sakelakoak kargatzeko atakak eta publizitate-panel elektronikoak jarri dizkie. Horrela, udala pozik, eta Man­hattanen gora eta behera dabiltzan exekutiboak ere bai.
Baina, ene laguna! Halako batean, kazetari bat kabina horietako baten ondotik pasatu eta bere telefonoa zoratu egin zen, segurtasun abisuak jo eta jo. Hurrengo kabinaren ondotik pasatzean ere, berdin... eta halaxe, tonto-tonto, kazetaria konturatu da beste gehigarri bat ere jarri dietela telefono-kabinei. 'Beacon' erako gailua, hain zuzen ere.
Beacon horiek (izenak 'itsasargi' esan nahi du ingelesez) ingurutik igarotzen diren telefonoekin komunika­tzen dira Bluetooth bidez. Telefonoa nondik nora ibili den jakin eta erregistratzeko gauza dira, baita beste informazio piloa atzemateko ere: zer aplikazio instalatu diren, jabeak nola eta zertarako erabiltzen duen Internet, erosketen historiala... Teoria da gailu horiek denda fisikoetan erabiltzeko direla, bezeroen 'erosketa esperientzia' hobetzeko. Jakiteko zein apalategiren ondoan geratzen diren eta zeinetatik pasatzen diren begiratu ere egin gabe, zer eta noiz erosten duten eta abar, informazio horrekin publizitate pertsonalizatua eskaini ahal izateko.
Baina kontua da TITAN enpresa horrek handira jokatu duela: 'faroak' gune itxi batean baino, auzo oso batean zehar barreiatu ditu, eta horrekin aukera du bertatik mugitzen den jende guztiaren edo ia guztiaren joan-etorriak jarraitu eta gordetzeko. Ez jende horri, ez udalari, ez beste inori ezer esan gabe.
Enpresak aitortu du, bai, gailuak ezarri dituela, eta udalaren aginduei jarraiki kendu egingo dituela. Enpresa berak AEBe­tako beste hainbat hiri handitako komunikazio sareak ere kudeatzen ditu, eta, beste horietan ere antzera egin duen galdetu zaionean, ez du erantzunik eman. 
Eta gu, bitartean, Googleko, Facebookeko eta abarretako ezarpenak aldatzen gure intimitatea babestearren. Ai, intimitatea! Ez ote da benetan iraganeko gauza izango, idazmakinak edo kalko-papera bezalakoxea...

Loturak, estekak, linkak...

ttp://www.teknopata.net/2013/11/ibeacon/
Applek aspaldi ezarri zituen Beacon gailuak bere dendetan, erabiltzaileei 'erosketa erabakiekin laguntzeko'. Eufemismo ederra, ezta?

http://www.teknopata.net/2013/08/birziklatzeko-edukiontziekin-ere-ezin-fidatu/
Londresen ere antzeko zerbait egin zuten iaz, paperontziekin. Esandakoa: ez dugu ihesbiderik.

http://ttiki.com/84828
Jatorrizko albistea (ingelesez) buzzfeed.com webgunean.