Itsasargiak garai berrietan

XIX. mendeko eraikin garaiak dira, zeruertzera begira beti, marinel eta arrantzaleen jagole. Itsas gaineko kokapen bereziak eta bakardadeak erromantizismo kutsua erantsi die, baina betetzen duten zeregina pragmatikoa da erabat, ezinbesteko gida lana egiten baitute itsasontzientzat. Hala ere, teknologia berriek farozainen presentzia murriztu dute, eta, ondorioz, itsasargi batzuek etxebizitza izateari utzi diote.
Beraz, faro lana betetzen jarraitzeaz gain, beste zeregin batzuetara bideratu dira euskal kostako hainbat itsasargi, esaterako, turismo gune edota itsas ondare zentro bilakatuta. Azken batean, farozainik izan ez arren, bizia behar du itsasargiak barnean, teknikariarena nahiz bisitariena.

Batzuetan....

biarritz

XVIII. mendean, Baionako komertzio portura hurbiltzen ziren ontzien hondoratzeak gero eta maizago4 gertatzen zirela ikusita, hiriko agintariek Biarritzeko San Martin lurmuturra aukeratu zuten itsasargi berri baten kokatzeko. Hasieran jada hor zegoen suen pizteko dorrea arraberritu bazuten ere, 1830ean ekin zieten 47 metro gaindituko zituen itsasargi berriaren eraikitze lanei. Lehen argia 1834ko otsailaren 1ean atera zen, eta harrezkero ezaguturiko gorabeherak kontatu dizkigu Martine Pueyok, itsasargi eta balizen kudeaketa zerbitzuaren arduradunak.

Itsasontziak Biarritzeko arrantza portura eta Baionako komertzio portura bideratzeko toki egokienean jarrita zegoen itsasargiaren planoak Viennois arkitektoak sortu zituen, Frantziako itsas hegietan orduan egin ohi ziren ereduei jarraiki. “Eraikuntza materialak aurkitzeko arazorik ez zuten izan, Larrun eta Bidaxuneko harriak eskupean zeuzkatelako”, baina ustekabea izan zen San Martineko harkaitza zulatzean haitzulo bat aurkitzea; ondorioz, ia 5 metroraino sartu behar izan zituzten oinarriak, aurreikusiak 2 baizik izan arren. Lehen urteetan, Fresnel leiarra zeharkatzen zuen Argand izeneko olio-lanpara batek minutu erdiro argiztatzen zuen golkoko zerua, orenean 750 gramo olio erabiliz. “Argi gorri eta zuria aldizka botako zituen sistema berria jarri zuten 1861ean”, baina ondotik petroliozko lurrun-makina batek ordeztu zuen olioa.
Itsasargiak ezagututako gertaeren artean, Bigarren Mundu Gerlako alemaniarren okupazioa da nabarmenenetakoa. “Marinel soldadu alemaniarrak 1940an iritsi ziren euskal itsasbazterrera eta lehen su-hiltze manuak ekainaren 19 eta 20aren arteko gauerako eman zizkioten zaindariari; ondoren, argia erabat itzaltzeko eskatu zioten, eta itsasargia taulaz inguratu zuten, alemaniar armadaren zerbitzurako baizik erabilia izan ez zedin”. Zaindaria kanporatu eta itsasargia beltzez tindatu zuten. 1944ko agorrilean zera irakur zitekeen zaindariaren idazkietan: “21eko gauean, okupazio tropen abiatzea”. Lasaitze une hori aprobetxatuta, itsasargiaren elektrifikazio lanei ekin zieten: “Hamar bat urtez saiakerak eta egokitzapenak egin behar izan zituzten helburua lortzeko eta beste 30 automatikoa izateko”. Zaindarien lana horrekin amaitu zen. Mende eta erdiz bata bestearen ondotik ibili ziren hogei gizonek egunean hainbat aldiz igotzen zituzten itsasargiaren 248 harmailak, garrak, mukiak, erregailuak, motorrak, fusibleak eta abarrak begiratzeko. Egunero pizte eta hiltze orduak, eguraldia edota ezbehar txikiak artoski idazten zituzten, eta, batzuetan, “sorosle lanak ere egin behar izaten zituzten, galdutakoen bila joateko, esate baterako”. Itsasargiaren barruan bizitegirik ez zegoenez, “etxeak eraiki zizkieten ondoko lurretan”, Biarritzeko luxuzko hotelen zolan. Ikuspegiari dagokionez, itsasargiaren gainetik ikus daitekeen panorama izugarriak Landes, Lapurdi eta Kantauri itsasertzeko golkoa begi aitzinean jartzen ditu. Uztailetik abendura egunero bisita daiteke; irailean, eguerdiko ordu bietatik seietara; eta urritik abendura, berriz, eguerdiko ordu bietatik bostetara. Sarrera 2,50 euroan dago. 2009ko azaroan monumentu historikoen zerrendan sarturiko itsasargia arrantzale portu txikiaren bilakaeraren lekuko finkoa izan da, itsas gizonen betiko lagun.