Sirena-hotsak

sirenaXabier Etxaniz Rojo
Erein, 2013

B2 maila

Era batera edo bestera iraganera jauzi egiten duten lau narrazio batzen ditu Xabier Etxaniz Rojoren Sirena-hotsak liburuak. Azkenak ematen dio izena bildumari, sirena-hotsek beteko baitute herria hiru lagun gaztek tren bati su eman behar dioten gauean.
Lehenengo kontakizunean, ordea, Fabian da protagonista, agure donostiar bat zaintzen dabilen etorkin nikaraguarra; agure horrek, baina, zerbait ezkutatzen du... Bigarren ipuinean, Sarak aita zenak idatzitako liburu bat aurkituko du, eta amari eman nahiko dio opari; haatik, liburu horrek ere zerbait ezkutatzen du... Hirugarrenean, berriz, Andonik AEBetara joatea du amets, american way of life delakoa bertatik bertara ezagutzeko...
Lau narrazioak irakurtzen dira atseginez, lauretan jakin baitu idazleak amua berehalakoan botatzen. Zer gorde du agureak, hiltzen denean, Fabiani emateko? Nor da liburuko argazkian agertzen den emakumea? Konponduko ote da Andoniren lantegiko arazoa, Ameriketara joan dadin? Lortuko ote dute hiru lagunek ekintza gauzatzea? Galdera horiek xaxatuta, aise egingo du irakurleak narrazioaren amaiera bitarteko bidea, Xabier Etxaniz Rojoren idazkera samur eta arina lagun. Hala, esaldi laburrek eta estilo zuzenak asko erraztuko diete irakurketa euskara ikasleei ere.


I.E.


AZKEN AFARIA (Xabier Montoia, Susa, 2013)

azkenaMontoiaren zazpigarren nobela bazkari alai batekin hasten da: gaztetan elkarrekin ikasten ibili eta Deustuko unibertsitatean zuzenbidean lizentziatutako lau lagun. Bizitzak, ordea, bide ezberdinetatik eraman ditu eta orain bi abokatuak dira, beste bat idazlea eta politikaria laugarrena. Gau batez, ertzainak bortizki sartuko dira lagun horietako baten etxean eta atxilotuta eramango dute semea. Gertakizun horrek dena nahastuko du lau adiskideen artean.

BATZARRAK, JATORRIZKO ANTOLAKETA (Patxi Azparren, 2013)


batzarrakEkonomia sozialari, lurraldetasunari eta parte-hartzeari buruzko saiakera idatzi eta argitaratu duen egilearen iritziz, Euskal Herrian Europako antolaketa zaharrenaren aztarnak aurkitzeaz gain, antolaketa eredurik berritzaileenak ere sor daitezke. Lanabes eraginkorrak atera ditu liburua osatzeko erabili dituen iturri guztietatik. Lanabes horiek guztiak eskura izanda, batzarren eredua eguneratu eta berrinterpretatzeko aukerak egon daitezkeela ondorioztatu du Patxi Azparrenek.