Anaia Handia, gero eta hurbilago

Internetek ekarritako artean, erosketak on-line egiteko aukera izango da hedatuenetakoa. Gauza batzuetarako, behintzat, oso erosoa da enkarguak etxetik mugitu ere egin gabe egitea, are gehiago erosketak norbere etxetik milaka kilometrotara dauden dendetan egin badaitezke.
Erosotasun horrek, noski, badu bere ordaina. On-line saltzen duten dendek erosleon jarraipen zorrotza egiten dute: zer erosi dugun, noiz, zer produktu begiratu dugun erosketa egin aurretik eta ostean, zer beste web-gune bisitatu dugun on-line dendara sartu aurretik eta bertatik alde egin ondoren... Erabateko kontrola dute denda horiek bezerook egiten ditugun mugimenduen gainean, eta horrela askoz errazago egiten zaie gutako bakoitzarentzako amu pertsonalizatuak prestatzea, berriz ere eros dezagun lortzeko.
Horretan, abantaila handia dute on-line dendek denda fisikoen aldean. Eta azken horiek inbidiatan daude. Horregatik, gero eta sistema sofistikatuagoak garatzen ari dira ‘off-line’ erosten dugunean ere guri buruzko informazioa jasotzeko. Estatu Batuetan bada Harte-Hanks izeneko enpresa bat horretan jarduten duena: dendariei bezeroen inguruko ahalik eta informaziorik osatuena saltzen, hain zuzen ere. Horretarako, besteak beste, sistema bat garatu du, erosle baten kreditu txartel zenbakia eta posta kodea gurutzatuz, hari buruzko fitxa osoa ateratzeko: izen-abizenak, helbide zehatza, telefono zenbakia, e-posta, familiarik duen ala ez... Sistema hori gure inguruko merkataritza gune handietara ere iritsi da. Galdetu dizute inoiz zure posta kodea zein den erosketa bat ordaintzerakoan? Orain badakizu zertarako nahi duten datu hori.
Baina harago ere joan nahi dute: saltzaileei asko interesatzen zaie jakitea, behin dendan sartu ondoren, zer ibilbide egiten dugun, zer apalatan geratzen garen begira, nondik pasatzen garen oso azkar eta nondik oso astiro, zenbat denbora egiten dugun denda barruan, nolako gauzek deitzen diguten arreta... Gure mugimenduak jarraitzeko, sakelako telefonoak erabiltzeko sistemak garatzen ari dira. Dendan sartzean, gailu batek gure telefonoa identifikatu eta handik aurrera estu-estu jarraitzen ditu gure mugimenduak: nondik nora goazen, nonbait gelditzen garen, zerbait erosten dugun... Informazio hori datu-base batean gorde eta pilatuz joaten da,  eta horrela, denborarekin, guk baino hobeto ezagut ditzakete gure ohiturak, zehatz-mehatz, gainera.
Izan ere, azken bolada honetan asko entzuten ari da gobernu eta inteligentzia agentziek gure gainean duten kontrol maila... baina hurbilago ere baditugu guri begira-begira daudenak. Kontuz ibili gero!

Loturak, estekak, linkak...

http://wp.me/pcarB-1d2
Datu sinplea eman badezake ere, informazio asko atera dezakete saltoki handiek zure txartel zenbakia eta posta kodea alderatuz. Ez eman informazio hori eskatzen badizute.

http://wp.me/pcarB-1dd
Sakelako telefonoen MAC helbidea (identifikazio zenbaki bakarra) erabiliz, gero eta informazio gehiago atera dezakete guri buruz denda fisikoetan ere erosten dugunean. Hor ere kontuz!


http://ti.me/167Xsko
Pribatutasuna zaintzeko 11 aholku, ingeles errazean. Tartean, erosketak eskudirutan ordaintzea!