Jakina!, sarean libertitzeko euskal tribiala

jakina

Galdera-erantzunezko Trivial joko ezaguna oinarri, Jakina! euskarazko on-line jokoa (http://jakina.eu/) sortu du Azkue Fundazioak Saure argitaletxearekin batera. Trivial mahai-jokoaren ezaugarri bertsuak ditu: zortzi gairen inguruko galderak erantzun behar dituzte jokalariek, eta gai bakoitzari dagokion “gaztatxo” edo koloretako pieza irabazi, zortziak eskuratu arte. Oraingoz, 4.800 galdera dakartza jokoak, ondoko gai hauei buruzkoak: euskara eta literatura, kirola eta aisialdia, zientzia eta teknologia, geografia eta historia, kultura eta artea, zinema eta ikuskizunak, jendartea eta ohiturak, eta musika eta dantza. Gai bakoitzean, Euskal Herriko nahiz  nazioarteko galderak nahasten dira. Gehienez ere sei jokalarik har dezakete parte, hainbat aukera baliatuta. Hala, hiru zailtasun mailaren artean aukera daiteke, partida publikoak edo pribatuak antolatu… Jokoa garatzeko asmoa agertu du Azkue Fundazioak, dela galdera eta partaide kopurua igota, dela jokoa euskarri gehiagotara zabalduta. Hots, sakelakoetan eta tablet gailuetan ere jokatzeko moduan paratu nahi dute. Datozen hilabeteotan txapelketak ere antolatuko dituzte, jokoa jendartean ezagutarazteko.


 

 

INTERNETEKO bideogintza izango du aztergai Euskarabildua jardunaldiaren bigarren edizioak. Iametza Interaktiboak, Argia astekariak eta Ametzagaiña taldeak antolatua, urriaren 11n egingo da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Ikusi eta entzun. Multimedia produkzioaren gako komunikatibo eta teknologikoak izenburupean, Interneteko ikus-entzunezko lanen ekoizpena jorratuko dute Euskal Herriko eta Espainiako hainbat adituk ikuspegi teknologikoa eta komunikatiboa aintzat hartuta. Hala, egungo baliabide teknologikoen lanketa eta baliabide horiek komunikazio helburu jakinak lortzeko nola balia daitezkeen aztertuko dute jardunaldian. Esaterako, sareko bideogintzak euskararen zabalkundean nola lagun eta eragin dezakeen. Hitzaldiez gain, Euskal Herrian garaturiko esperientzien berri emateko bideo laburrak eskainiko dituzte Euskarabildua Egitasmo Lehiaketari esker. Xehetasun guztiak http://www.euskarabildua.com/ gunean topa daitezke.