Alkasoroko benta

alkasoroNafarroako Bortzirietan irudizko beste herri bat sortuz gero, eskualdea Seierri bihurtzen zaigu. Irudizko herri hori da Alkasoro; eta bertako bentako semea, Martin Irazoki, Mikel Tabernaren nobela honetako protagonista eta narratzailea. Lekua eta narratzailea zehaztuta, garaian ere ederki kokatzen gaitu egileak: 50eko hamarkadan jaiotako ume batek 70eko hamarkadaren erdialdera arteko bizipenak kontatuko dizkigu, data jakin gutxi aipatu arren, adin batetik aurrerako irakurleei oso ezagunak gertatuko zaizkien benetako pasadizoen bidez. Gainera, kontakizun kostunbrista da eleberria, orduko ohiturak eta bizimodua ederki islatzen baititu idazleak. Badu nobelak mota horretako istorioen beste ezaugarri bat ere: pertsonaia ugaritasuna. Halere, ez dadila kezkatu irakurlea izenak nahasten dituen horietako bada. Pertsonaiak liburuaren 10 kapituluetan zehar agertu eta desagertu arren, atalak nahiko independenteak dira, eta lotzen dituen ildoa Martin bera da.
Lehen pertsonan kontatzen du istorioa Martinek. Hortaz, idazleak darabilen hizkuntza haren hizkerari egokitzen zaio: esaldi labur eta espontaneoak dira nagusi, umore puntu bat eta inguru hartako euskalkiaren ukituekin. Haatik, hurbilekoa ez den irakurlearentzat arrotzen suerta daitezkeen hitz eta esamoldeak erraz ulertzen dira, testuingurua lagun.
Irakurketa atsegina, amaierako sorpresa eta guzti, Tabernak irakurleari eskaintzen diona.


I.E.