‘Zinegotzia’, Fermin Etxegoienen bigarren nobela

etxegoien

Etxegoienek egun bakarrean, 2013ko ekainaren 6an, gertatzen den kontakizuna kaleratu du Erein argitaletxearen eskutik. Drama klasikoak bezala, hiru ataletan banatuta dago. Lehenengoan, idazleak testuinguruan kokatzen du irakurlea. Bigarrenean, lan eta familia arteko harremanek hartzen dute pisua. Eta hirugarrenean gertatuko da azkenean gertatu beharrekoa. Izan ere, arestiko esaldian dena kontatzen da nolabait, honela hasten baita nobela: Eskumako zinegotzia berandu esnatu zen Euskal Herriaren independentzia bere eskutik etorri zen egunean. Beraz, irakurleak hasiera-hasieratik daki nor den protagonista eta zer jazoko den.
Idazleak berak aitortu duenez, hemen eta orain gertatzen ari dena kontatu nahi izateak behartu du aldaketak behin baino gehiagotan egitera, duela bi urte eta erdi idazten hasi zenean hainbat gauza pentsaezinak zirelako, hala nola “azken udal hauteskundeen emaitzak edota Kataluniako prozesu soberanista”.
Fermin Etxegoienen (Oñati, 1966) bigarren eleberria da Zinegotzia. Lehenengoarekin (Autokarabana, Pamiela, 2009) Kritikaren saria eta Euskadi saria eskuratu zituen.



 

 

morilloFernando Morillok Pasio krimena izeneko eleberria kaleratu du Gaumin argitaletxearen eskutik. Hilketa batekin hasten da thriller egiturako istorioa, bularraldea ireki eta bihotza atera dioten neska baten gorpua agertzen denean. Pertsonaia batek baino gehiagok dituzte hura erailtzera bultzatzeko pasioak. Protagonistak, berriz, maitale izandako 20-25 urte inguruko bi neska eta mutil bat dira, pasio eta gorroto artean murgilduak. Izan ere, bi neskek mutilarekin ibili nahi dute, eta mutilak, berriz, bietako batekin.
Haatik, Morilloren azken nobelak baditu umore ukituak ere, pertsonaia bitxi bati esker: Ainitze bere munduan bizi da eta xelebrekeria asko egiten ditu, baina zientzialari aparta da aldi berean. Izaera horrek liburuko giro oro har iluna leuntzeko aukera eman dio idazleari, kontu samur eta barregarriak sartuz, Ainitzek egoera absurdo asko sortzen dituelako istorioan zehar.