Norman taldeak ‘Perkins’ lana atera du

NORMAN

TALDE EIBARTARRAK kalean du bere bigarren diskoa, Perkins. Gaztelupeko Hotsak etxearekin argitaratu du bederatzi kantu biltzen dituen lana, horietako bat instrumentala. 50eko hamarkadako rock&roll, psicobilly, hardcore, garage-punk edota psikodeliaz josiriko amarauna osatzen dute guztiek ere: gitarra urduriak, etengabeko erritmo aldaketak, egitura konplexu eta bihurriak eta hainbat erregistrotara moldatzen den ahotsa batzen dira bertan. Gainera, biniloan argitaratu dute diskoa, barruan CDa duelarik.
Norman 2007ko amaieran sortu zen. Kepa Arakistain (The Gominols, Skandalu Publiku), Alex Ariznabarreta eta Gorka Bocos (Electric Dolls) eta Beñat Narbaiza (Doministikum) elkartu ziren Eibarko Legarre entsegu lokaletan proiektu berrian lan egiteko, eta berehala iritsi ziren emaitzak. 2009an Danbaka lehiaketako finalerako eta Bilbo Hiria Pop-Rock lehiaketako azken faserako sailkatu ziren, eta urte berean argitaratu zuten lehen diskoa: Norman (Gaztelupeko Hotsak). Geroztik, Peñalbak hartu du Gorka Bocosen lekua baterian.

 


 

senSEN taldea berriro itzuli da eszenatokietara, azken hamar urteotan kontzerturik eskaini gabe egon ondoren. Aurten berriro elkartu eta, euren esanetan, “15 urte zaharrago, 15 urte berriago”, kontzertu bira berriari ekin diote. Martxoan hasi zuten Usurbilgo gaztetxean eta, uda bitartean hainbat lekutan jo ondoren, hil honen 21ean Gasteizen izango dira, Zaramaga auzoko jaietan. 90eko hamarkadaren bukaeran sortu zen taldea eta hiru disko kaleratu zituen: Sen (2000), Gaizki esanak (2002) eta Sen + Hendrik Röever disko akustikoa (2004). Ondoren, ordea, taldea desagertu egin zen, kide bakoitzak bere aldetik jota.