Euskarazko blog onenak sarituko ditu 'Blogetan!' lehiaketak

blogetan

Sarean euskarazko edukiak gehitzeko eta blogari euskaldunen jarduna sustatzeko xedez, Blogetan! Euskal blogariak lehian izeneko lehiaketa ipini du martxan Azkue Fundazioak Argia astekariaren laguntzarekin. Euskarazko blog onenak sarituko ditu lehiaketak, lau kategoriatan: kultura arloko blogak, gizarte eta politika arlokoak, aisialdiarekin lotura dutenak eta zientzia eta teknologiari buruzkoak. Horiez gain, 2013an sorturiko euskarazko blog onenak ere saria izango du. Euskaraz idatzitako bloga eduki behar da lehiaketan parte hartzeko, eta Blogetan.com webgunean izena eman. Gune horretan, halaber, blog gustukoenak bozkatzeko aukera izango du publikoak. Izan ere, irabazleak adituz osaturiko epaimahai batek erabakiko baditu ere, finalistak aukeratzen parte hartu ahal izango du publikoak. Lehiaketan izena emateko epea urtarrilaren 26an amaituko da, eta sari banaketa martxoaren 6an eginen da, Bilbon.