Elysium

elysium

Zuzendaria: Neil Blomkamp. Gidoia: Neil Blomkamp. Aktoreak: Matt Damon, Jodie Foster, Sharlto Copley, Alice Braga, Diego Luna. AEB, 2013.

Istorioa: 2154. urtean, gizateria bitan banatua dago: dirudunak Elysium izeneko espazio estazioan bizi dira luxuak inguratuta; eta dirurik ez dutenak, berriz, baldintza txarrenetan zeharo sarraskituta eta jendez gainezka dagoen Lurrean. Azken horiek guztiz debekatua dute Elysiumera sartzea, beraz, debeku hori apurtzea amesten dute.  Max gazteak ere helburu berbera izango du.
Zuzendaria: Zientzia fikzioa baliatuta  puri-purian dauden gaiak lantzea gustatzen zaio Blomkampi. District 9 (2009) izeneko bere aurreko filmean estralurtarren etorrera erabili zuen arrazismoa eta xenofobiaren gaia lantzeko, besteren artean. Oraingoan ere gaurkotasun handiko gaiak jorratu ditu: gizarte desberdintasunen areagotzea, boterearen gehiegikeriak…
Onena: Filmaren lehen zatia, istorioa azaltzeko balio duena. Udako denbora-pasa komertzialak  gehixeago eskainiko duen itxaropen txikitxoa piztu diezaguke hasieran.
Okerrena: Uste guztiak di-da batean desagertuko dira, Matt Damon heroi sufritua egurra banatzen hasi bezain laster. Hortik aurrera, su festak nagusi: tiro eta zartakoen hotsek estaliko dituzte gizarte arazoei buruzko kontuak.


Eñaut Mitxelena