'Amaren eskuak' Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute

amaren eskuak

Juan José Campanella zuzendari argentinarraren Metegol animaziozko film luzeak zabalduko duen Donostiako 61. Nazioarteko Zinemaldiak euskarazko film luze baten estreinaldia eskainiko du. Izan ere, Euskal Herrian ekoitzitako zinemari eskainitako Zinemira sailean emango dute Mireia Gabilondok zuzendutako Amaren eskuak lana. Zinemaldian aurkeztu ostean, Karmele Jaioren izen bereko nobelan oinarritutako lana irailaren 27tik aurrera izango da ikusgai zinema aretoetan. Zinemira sailak, halaber, beste zazpi lan luze eskainiko ditu, dokumentalak,  horietako lau estreinakoz: Asier eta biok (Amaia Merino eta Aitor Merino), Una esvástica sobre el Bidasoa (Alfonso Andrés eta Javier Barajas), Izenik gabe, 200X133 (Enara Goikoetxea eta Monika Zumeta) eta Oírse (David Arratibel). Bestelakoan, irailaren 20tik 28ra bitartean egingo den Zinemaldian izango diren hainbat lanen berri ere eman dute jada antolatzaileek. Hala, Sail Ofizialean Atom Egoyan, Bertrand Tavernier, François Dupeyron eta David Truebaren lanak izango dira ikusgai, besteak beste. Gainontzeko sail eta atzera begirakoetan, ohi legez, eskaintza arrunt zabala izango da.


 

 

KULTURA, hizkuntza eta jendarte gutxituak izango ditu protagonista eta hizpide Hendaia Film Festival film laburren jaialdiak. Begiradak elkarteak antolatua, urriaren 17, 18 eta 19an egingo da Hendaian estreinako edizioa. Jaialdiak hainbat sail izango ditu. Film laburrei dagokienez, batetik, kultura, hizkuntza eta jendarte gutxituei buruzko 30 lan inguru lehiatuko dira nazioarteko lanei eskainitako lehiaketan. Bestetik, Euskal Herrian eta Akitanian eginiko film laburren lehiaketa ere izango da. Sail honetan, 10 bat lan eskainiko dituzte. Alta, lehiaketa nagusiez gain eskaintza zabalagoa izango du jaialdiak. Hala, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolaturiko Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketaren 2. edizioko zenbait lan hautatu aurkeztuko dituzte urriaren 19an, eta Hendaiako ikastetxeetako haurrek kultura gutxituei buruz Quebecen egindako sei film labur ikusi ahal izango dituzte. Halaber, eztabaidak eta erakusketak izango dira. Informazio gehiago  http://hendaia-film-festival.com/ webgunean.