“Bakarka aritzeko eman dudan pausoa serioa da”

elorrieta

Eñaut Elorrieta (Gernika, 1975) aspalditik da ezaguna, Ken Zazpi taldeko abeslaria izateagatik batik bat. Orain, ordea, haren izena aparte ere ageri da, bakarkako lehen diskoa (Deserriko kantak, Elkar) kaleratu baitu aurtengo udaberrian. Eszenatokietan ia 25 urte daramatza, mutikotan Lugarri taldearekin eta kantu txapelketetan hasi zenetik. Ahots bereizgarria du, edonon eta edozelan adituta ere kantaria nor den berehala jakinarazten duen horietakoa. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

 


 

Ahots bera izan arren, asko aldatu da Eñaut Elorrieta Ken Zazpiko abeslari izatetik bakarlari ibiltzera?
Bai, baina Ken Zazpik berak ere eboluzioa izan du hasieratik hona, taldekide bakoitzaren bilakaeran oinarrituta. Bakarkako ibilbidean askatasunez eman diet bide nire barneko aldaketei, hau izan da nire disko pertsonal eta intimoena, bertan biluztu naiz gehien taldekideen babesik gabe. Beraz, badago aldaketa, inoiz baino lan pertsonalagoa den neurrian. Ken Zazpin konposatu ditudan kantuak beti egin ditut talde ikuspegitik, haren ibilbidea eta estetika musikala kontuan hartuta, eta orain gehiago begiratu dut nire barnera.
Zelan hartu dute Eñaut Elorrieta Ken Zazpiren jarraitzaileek?
Kezka sumatu dut. Askotan galdetu didate zaleek eta kazetariek zer gertatuko den taldearekin, mila aldiz esan arren jarraitu egingo duela. Udazkenean aterako dugu diskoa Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, hori izango da erantzunik sendoena. Bakarka aritzeko eman dudan pausoa serioa da, ez da bere horretan geratuko den une bateko diskoa, baizik eta bide bat ireki duen lehen mugarria. Halere, Ken Zazpik berean jarraituko du. Ez da kapitulu bat itxi beste bat hasteko; momentuz, behintzat, aldi berean ibiliko diren bi proiektu izango dira.
Zure disko berriaren arrakasta bat-batekoa izan da...
Bai, publikoak eta kazetariek arretaz hartu dute; Ken Zazpiko partaide izateak lagundu egin du, nolabait, lan honek oihartzuna izan dezan. Horrek aukera bat zabaldu dit, baina ez dit ezer bermatzen, nire ibilbidea egunero landu eta irabazi beharko dut. Uste nuen lan honek digestio geldoagoa izango zuela, baina uste baino azkarrago jaso dut erantzuna. Halere, ikusteko dago nolako bidea egingo duen.
Diskoan sartu gabeko kantu batzuk jotzen dituzu zuzenekoetan. Amu ederra...
Bai, baina ez da marketin amua izan. Hainbat testu bildu nituen eta ezin ziren denak grabatu, hamar kantuko lan artistiko eta kontzeptuala egin nahi nuelako. Beraz, aparte geratutako konposaketa horiek zuzenekoetan abesten ditut, kontzertua ezin baita osatu diskoko kantuekin baino ez. Damutu ere egin naiz baten bat diskoan sartu ez izanaz, zuzenekoetan ondo funtzionatzen duelako.
Hasierako bertigoa sendatu zaizu dagoeneko?
Bai, nire deserritik pasatu izanaren sentsazioa daukat. Deserria bakarrik konposatzea izan da, pisu guztia neuk eraman eta taldekideekin ez konpartitzea. Erantzukizuna neurea baino ez da. Horrek beldurrak, zalantzak eta kezkak eragin dizkit. Tunel horietatik bakarrik pasatzean neure mugekin egin dut topo, nahi eta ezinekin. Prozesuak alde iluna izan du, baina baita pozgarria ere, zeharkaldiak sendotu egin nauelako nolabait, aberastu. Bataila batzuk irabazi ditut, beste batzuk zintzilik geratu arren, irtenbidea hurrengo lanetan aurkitzeko. Ikaskuntza prozesu honek inoiz baino biziago sentiarazi nau, eta eszenatokian bertan inoiz baino biluziago eta hauskorrago sentitzen naiz, baina, aldi berean, sekula baino sendoago, disko honetarako ez baitut aurre-estrategiarik erabaki. Gorputzetik, emozioetatik, atera zaidan lana da, iragazki mentaletik gehiegi pasatu gabe. Zuzenekoetan zintzotasunarekin lotzen dut hori, naizen bezalakoa azaltzen naiz, neure argi eta ilunekin.
Lankide berriak izan dituzu alboan, nola aukeratu dituzu?
Konfiantzazko musikari lagunengana jo nuen bermea eskaintzen zuten lankideen bila, erreferentzia eske. Nire belaunaldikoak izatea nahi nuen, eta beraiekin sekula aritu ez naizen musikariak izatea. Horiekiko harreman pertsonala eta musikala aldi berean eraman ditut, disko honetan ezagutu ditudalako. Eta asmatu  dudala uste dut.
Abesti askoren letrak idatzi izan dituzu. Zergatik jo duzu beste idazle batzuen bila lan honetarako?
Deserria kontzeptu edo gai monografikotzat hartu nuenean, garai, herrialde eta kultura ezberdinetako jendeak hori nola bizi duen aztertu nahi nuen. Nik neuk ez dut bizi izan, baina Joseba Sarrionandiak bai, bere larruan. Eta beste herrialde batzuetako autoreengana ere jo nuen, poesiaren bitartez deserriaren inguruko sentimendua jasoko zutelakoan. Nik ezingo nukeen sentimendu hori egoera bizi izan duenak baino hobeto azaldu, horregatik jo dut haiengana. Ez dut neure burua idazletzat eta, hainbat testu aukeratutakoan, bertigo pixka bat ematen zidan neuk zerbait idatzi eta horien parean jartzeak; horregatik ez nuen neure burua letrak idaztera behartu. Dena dela, egin nituen birekin gustura geratu eta sartu egin nituen. Halere, aurrera begira nire erronketako bat da nire testuetatik gehiago egotea, iruditzen zaidalako bakarkako ibilbideak diskurtso propioa edukitzea eskatzen duela, alegia, gauzak nork bere ahotsetik, nork bere erara, esatea.
Zeure erara egiteko, zergatik ez duzu diskoa zuk zeuk ekoitzi?
Egia esan, produkzioren alderdi horri ez diot momentu batean ere erreparatu, nire ardura guztia lan artistikora bideratu dut, gainontzeko guztian errazera jota. Azken urteotan Ken Zazpirekin harreman ona egin dugu Elkar etxearekin, eta niretzat errazena beraiekin egitea zen, kezka hori kentzearren. Grabaketa estudioa eta teknikaria ere ezagunak nituen. Bakarkako ibilbidea, beste musikari batzuk, kontzeptua... hainbeste gauza berriren artean helduleku seguruago batzuk behar nituen, inkontzienteki bada ere.
Hainbatek dio musikagintzaren egoera oso kaskarra dela...
Trantsizio batean gaude eta inork ez daki zer gertatuko den. Orain arteko ereduek ez dute lehen bezala funtzionatzen eta musika entzuteko formatu berriak, edo formatu eza, sortzen ari dira. Belaunaldi berriek ez daukate diskoak erosteko ohiturarik; saltokiak ez daude, lehen bezala, musikari eskainiak. Industria ere aldatzen ari da, lehen oso definituta zeuden hainbat esparru orain magma lauso batean nahasten dira. Ekimen berriak sortu eta musika egiteko oso modu ezberdinak elkarbizitzen ari dira gaur egun. Nik diskoa modu klasikoagoan atera dut; beste talde batzuek Interneten jartzen dute, euskarri fisikorik gabe. Aldaketa garaia da, orain artekoa hiltzen ari da, baina ez dakit guztiz hilko den, krisi batean gaude. Haatik, krisiak onak dira, birsortzeko hil egin behar delako. Aldaketa guztiak ez dira onerako izaten, baina krisiak aldaketarako gonbita egiten du: onar daiteke ala ez. Nire ustez, sanoena gonbit horri heldu eta onerako erabiltzea da, hau da, kontrako faktore horiek aldeko bihurtzea. Hori norberaren  esku dago.
Noren esku? Nork du erantzukizunik handiena?
Erantzukizunak konpartitua izan beharko luke. Gaian interesatuago gaudenok  beharbada erantzukizun handiagoa dugu lehen pausoak emateko. Sistemaren krisia aitzakia, sentsazioa daukat kultur arloan inoizko murrizketarik handienak egiten ari direla. Halere, ezin gara bizi erantzukizunak beti kanpoan eskatzen, errua beti besteena delakoan. Erakundeei, kontsumitzaileei... argi azaldu beharko zaie egoera, baina sortzaileok ere egin beharko genuke autokritika, zer egin dezakegun aztertu. Dena dela, Euskal Herriko hainbat kultur sortzaile eta esparru dagoeneko ari dira egoera gainditzeko pausoak ematen, ekimen berriak sortzen. Halere, egia esan, musikagintzan murgiltzen naiz batik bat eta ez dut gehiegi sakondu gai honetan.
Sortuko dira besteak ikuskizunaren bigarren bira martxan da. Zer ematen dizu beste kantari batzuekin taularatzeak?
Ibili naiz, baina orain utzi egin dut nire lanari arreta osoa eskaintzeko. Halere, euskal musikagintzaren zale amorratua naiz. Ez Dok Amairu, Errobi, Itoiz, Hertzainak... Aurreko horiek guztiek eskaini didaten ondareaz bustita dago nire izaera musikala. Beraz, Mikel Laboarekin edota Xabier Leterekin ibili ziren musikari horiekin (Niko Etxart, Pantxoa eta Peio, Pier Paul Berzaitz...) eszenatokia konpartitzea sekulako esperientzia izan da, izugarria.
Multimedia formatuko Baga, biga, higa hitzaldi-kontzertua ere eskaintzen duzu Mikel Markezekin batera...
Transmisioa nahitaezkoa iruditzen zait, kanpoko eskaintza oso modu bortitzean  sartzen zaigulako. Guk, horren aurka, sormenaz gain, publikoarekiko hurbiltasuna daukagu. Herri txikia izateak bermatzen du hurbiltasun hori, gure alde erabili behar dugu. Transmisioa zuzenean eta lehenengo pertsonan egiteari balioa ikusten genion, horregatik pentsatu genuen belaunaldi berriei euskal musikagintzaren historia kontatzea. Helburu asko ditugu, baina batez ere ezagutza; eta, ezagutzaren bitartez, gazteak euskal musikaren ondarea maitatzera, bizitzera, kontsumitzera eta gozatzera  bultzatzea. Hori ez dago bermatuta gaur egungo hezkuntza sisteman; hutsunea ikusten genuen eta gure alea jartzeari interesgarri iritzi genion. Horren bitartez, gainera, Euskal Herriko historiaren zati bat ere ezagutzen dute, kantuetan askotan ageri direlako garaiko kezkak eta gaiak.
Eta euskaltegietako ikasleei begira, zergatik merezi du euskara ikastea?
Oso ondo dago hainbat hizkuntza jakitea, tartean euskara. Horrez gain, euskara jakiteak munduaren beste ikuskera baterako ateak irekitzen ditu, kultur proposamen ezberdinetara eta disfrutatzeko eta bizitzeko molde berrietara. Edozein hizkuntzaz esan daiteke hori, baina, euskarari dagokionez, bereziki lotzen dut kulturaz gozatzearekin. Gainera, hizkuntza txikia edukitzeak txikiarekiko bestelako mundu ikuskera ematen du; mundu mailako gauza txikiei (herrialdeak, hizkuntzak...) erreparatzera eramaten gaitu, arreta handiagoa jartzera. Ikusmolde hori ez dauka kultura eta hizkuntza handietako jendeak, baina egoera hori bizi dugunok askoz ere erneago gaude gauza txikien aurrean, eta horrek aberastu egiten gaitu.
Zertan da Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren diskoa?
Duela pare bat urte sortu zitzaigun aukera hori, musika ulertzeko bi ikuspegiren arteko talka, baina modu eraikitzailean. Oso zaila izan da musikalki elkar ulertzea eta prozesua urtebete atzeratu da, baina azkenean lortu dugu adostasunetara iristea. Alde batetik, musikalki oso emaitza interesgarria da, eta, bestetik, oso garrantzitsua da ibilbide ezberdinetatik gatozen jendeak elkar ulertzea, une jakin batean izan ditzakegun interes berberetan  indarra jarrita. Euskal Herrian gauden egoera honetan, elkarren aurka ibili garen hainbat sentsibilitateko herritarren artean zubiak eraikitzen hasteko garaiak usaintzen diren honetan, nahiz eta neuk ere sinetsi zubiak eraikitzen hasteko edukiz bete eta denon eskubideak bermatu behar direla, nolabaiteko hurbilketa sumatzen da sentsibilitate ezberdinen artean, elkar ulertzeko gogo handiagoa. Ikuspegi horretatik ere disko hau ekarpen garrantzitsua izan daitekeela iruditzen zait.
Nolako lana izango da?
Disko erdia Ken Zazpiren kantuen bertsio orkestratuek osatzen dute. Eta beste erdia, berriz, konposaketa berriek. Bost kontzertu besterik ez dira izango, 88 musikari biltzen dituen orkestra mugitzea oso zaila delako. Azaroan argitaratuko da eta kontzertuak abenduan eskainiko ditugu, hiriburuetan.

KOLKOTIK

Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Gustatuko litzaidake ilobekin hondartzan paseatzen ibiltzea, beraiengandik maitasuna jasotzen. Zerk haserretzen zaitu? Harrokeriak. Eta hunkitu? Zintzotasunak. Beldurtu? Beldurrak. Non sentitzen zara deserrian edo lekuz kanpo? Neure buruarekin zintzoa izaten ez naizen egoeretan. Eta guztiz etxean? Neure buruarekin fidel naizenean. Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Euskal Herri osoko herritarrak euskaraz bizi direla, euskara ofiziala dela eta era naturalean zabaldu dela Euskal Herri osoan. Erreferentzia musikal bat? 60 eta 70eko hamarkadetako protesta kantua, ez euskalduna bakarrik. Sekulako plana zapatu gauerako? Kontzertu bat entzutera joatea. Eszenatokira igo aurreko maniaren bat? Kontzertu osoa nire buruan aldez aurretik irudikatzen dut, joko ditudan kantuak banan-banan begiratuta, joko ditudan ordena berean. Kontzentratzen laguntzen dit.