Umeak Interneten ibiltzeak kezkatzen zaitu?

IKAMIKA

Teknologia berrien hedatzeak hainbat bide ireki dizkie harremanei. Trepeta teknologikoen eta Interneten erabiltzaileak gero eta ugariagoak dira, eta horrek  ondorioak eragiten ditu, onerako zein txarrerako. Gazte eta haurren kasuan, arreta berezia ipintzen zaie teknologia berriei. Haurrak gero eta gazteago hasten dira horietan ibiltzen eta ondorioz, erabilera txarrak eragindako kalteak paira ditzakete. Gainera, adina dela eta, zaurgarriagoak dira. Arrisku horien aurrean, adituek gomendioak eman dituzte: erabilera eta gehiegizko erabilera bereiztea; sare sozialak ezagutzea; norbanakoen eskubideak errespetatzen irakastea; umeekin sarean ibiltzea; ordutegiak mugatzea... Beti ere haurrengan konfiantza osoa ipinita, arriskuak egon badaudelako, baina aukerak ere bai. Kezkatzen zaitu gaiak?

Foruko guraso barnetegiko uztaileko lehen hamabostaldiko taldea (2. maila).

1. Mariam Lasa

Teknologia gure etorkizuna da, hortik beste mundu ezezagun bat aurkituko dugu. Kontua da ondo kontrolatzea eta, batez ere, umeak eta gazteak babestea. Heziketa egokia behar da Interneten eta teknologiaren munduan.

2. Iratxe Iturrizar

Kezkagarria da, oso arin doan gauza bat delako eta, gainera, debekatu eta gelditu ezin dugun tresna delako. Baina badugu umeek egiten dutena ondo kontrolatuta edukitzerik, hori da gure lana.

3. Silvia Perez

Gure umeak teknologiaren garaian jaio dira, zerbait naturala da haientzat. Gainera, haien adinarekin ez dakite zein arrisku dauden Interneten; horregatik, gurasook atzean egon behar dugu babesteko, baina ez kontrolatzeko.

4. Toño Castresana

Denok hezi nahi ditugu umeak modu egokienean. Interneten erabilera kontrolatu egin behar dugu, baina ezin ditugu umeak burbuila batean sartu, okerragoa izango litzateke. Non jarri mugak? Ezin gara garapenaren kontra borrokatu.

5. Pili Alvarez

Umeek arreta handiz ibili behar dute Interneten, bertan ikusten den guztia ez delako egia. Badago hori asmo txarrez erabiltzen duen jendea eta  gurasook ezin gara beti umeekin egon kontrolatzeko. Horregatik kezkatzen nau gai honek.

6. Sonia Reyes

Bai, kezkatzen nau. Txikiak direnean, jolastu edo informazioa bilatu besterik ezin dute egin, beti gure ondoan. Hamar urtetik aurrera, argi azaldu behar dizkiegu Interneten arriskuak, sarea ez dagoelako egongelan bakarrik.

7. Bernar Jimenez

Internet eta tresna teknologikoak leku guztietan daude, beraz, ezin ditugu gure seme-alabak haietatik urrun mantendu. Baina oso ezberdina da eskolako programak eta webguneak edo sare sozialak erabiltzea. Azken horiek oso arriskutsuak dira.