Ur Mara, sormenaren borborra

mara

Ez da baso arrunta, ezta museo arrunta ere. Hormarik gabeko museotzat har liteke, edo naturan kokaturiko esperimentazio gunetzat. Izenari baino izanari erreparatzeko lekua da Ur Mara, Koldobika Jauregi (Alkiza, 1959) artistak Alkizan zabalduriko espazioa. Artea, natura eta etnografia batzen ditu. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Amaia Zabalo.

 

 

Sormena, natura, etnografia... guztiek egiten dute bat Ur Maran (www.urmara.com), Jauregik Alkizan, familiaren Garmendia baserriko lurretan, duela urte eta erdi zabaldutako espazio berezian. Erakusketak, etnografiarekin eta memoria historikoarekin loturiko kontuak, tailerrak, kontzertuak, hitzaldiak… askotariko jardunak garatzeko gunea da, beti ere naturarekin bat eginda. Alemaniako zenbait museo hartu ditu eredu, nahiz eta, haien aldean, askoz baliabide ekonomiko gutxiagorekin abiarazi duen Ur Mara.
Asteasurekin muga egiten duen mendi magal batean dago, Arraia errekaren albo batera. Basoa nagusitzen den 11 hektareako eremua, nahiz eta oraingoz 3 hektarea inguru izan bisitatzeko moduan. Bertako basoa bere horretan, gizakiaren eskuak ia ukitu gabe, ikus daiteke: pagoak, haritzak, lizarrak, astigarrak... Naturak berez sorturikoaren alboan, giza jardunaren aztarnak, antzinakoak eta egungoak: karobi zahar bat, eta haren ondoan, harrobia; Henry David Thoureauri eskainitako espazioa; Jauregiren hogei bat eskultura aire zabalean, erakusketa iraunkorra osatzen; eta aldi baterako erakusketak nahiz bestelako jarduerak  egiteko baliatzen duten aterpea, Negutegia izenekoa.. “Gauza ezberdinak egiten ditugu, asko basoan bertan. Hortaz, ez du zerikusirik museoaren ideiarekin, alegia, lau paretazko leku itxiaren ideiarekin. Eduki aldetik, aldiz, izango luke: erakusketak, kontzertuak eta bestelako jardunak antolatzen ditugu. Naturarekin, etnografiarekin edo memoria historikoarekin eta artearekin edo filosofiarekin loturikoak. Hiru ardatz horiek ditu, eta hirurak jorratzen ditugu” azaldu du Jauregik.
Hiru ardatz, Ur Mararen jardunari ez ezik, mundu ikuskera bati ere badagozkionak. Jauregik azaldu duenez, “espazio honen helburua da erakustea gauzak ez daudela hain bereizita. Hau da, ez dagoela artea hemen, natura hor eta beste gaiak han, baizik eta denek bat egiten dutela. Kate bat sortzen dutela, eta gauza batek zentzua ematen diola besteari. Museo batean egon daiteke etnografiari buruzko areto bat, arteari buruzko beste bat... Munduak, horrela ikusita, ez du inolako zentzurik. Dena osotasun batean ikusten da, eta saiatzen gara gure proiektua horretara bultzatzen”.
Egitasmo irekia
Hala, neurri batean, mundu ikuskera baten gauzatzea da Ur Mara. “Ur Mararen filosofiaren barruan badago ireki nahi izatea, konpartitzeko gogoa, nolabait. Hau pribatua da erabat, baina irekitzen dugu. Zabaldu jendea sartu eta ikus dezan,  guk oinarri dugun filosofia horretan parte har dezan. Ez da proiektu itxia”.
Hori eguneroko jardunak erakusten du. Batetik, egitasmoa aurrera ateratzeko elkarlanean oinarritzen direlako. Dela Ur Marako txoko ezberdinak egin edota atontzeko (Negutegia, esaterako, auzolanean egin zuten), dela urtean zehar egiten diren jarduerak antolatzeko, norbanako zein taldeekin aritzen dira elkarlanean. Bestetik, bisitariak ez duelako sarrerarik ordaindu behar, eta nahi duenean bisita dezakeelako. Horrek ez du esan nahi jendetza erakarri nahi dutenik. “Guk ez  ditugu milaka bisitari nahi, higadura eragingo luketelako. Eta nire ideiaren kontra doalako. Masifikazioa ez zaigu interesatzen”. Lasaitasuna, gogoetarako tokia... halakoak eskaintzen dizkio Ur Marak bisitariari. Ingurunea bizitzeko lekua. “Inolako tranparik gabe,  minutu bat edo egun osoa egon zaitezke bertan. Ideia hori dago azpian,  horregatik ez dugu jarri aparkalekurik, ez mahairik, ez umeentzako jolastokirik... Hona etortzeko, denbora behar da. Hori da aurrenekoa”.
Aldez aurretik hitzartuta bisita gidatuak egin daitezke, baina bestela ere edozein unetan bisita daiteke, nork bere kabuz. Hori bai, oinez joan behar da derrigorrean.  Asteasutik barrena du sarrera, dagoeneko itxita dagoen azulejo enpresa baten (Baldosas Jarri) albotik abiatuta. “Autoa han utzi beharra dago, eta honaino oinez etorri. Horrek esfortzu bat eskatzen dizu”. Sarrera beti dago irekia. “Nahi duzunean sartu eta ikusi. Besterik gabe”. Dena dela, Ur Maran barrena informazio panelak ere badaude.
Ikurrin tibetar batek eta zementuzko aterpe moduko batek adierazten dute Ur Marako sarrera. Tibeteko errefuxiatu eta behartsuekin lan egiten duen Ropka-Euskadi gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean ipini dute budisten ustez, ikurrinean idatzitako otoitz eta testuak  “Haizearen bidez joan egiten dira, bidaiatzen dute. Idatzita dagoena ez da hor geratzen, baizik eta zabaldu egiten da”. Sarreratik gorantz egin behar da, hegiaren goialdeko belazeraino. Bidean, zer ikusia, zer pentsatua eta zer gozatua ematen duten elementuak aurkituko ditu bisitariak.
Beti zabalik
Goiko belardian, Jauregiren tailerraren azpian, bere eskultura handiak aire zabalean eta Negutegia aterpea. Berez, Ur Marako gainontzeko espazioak ere erabiltzen dituzte ekintzak egiteko, baina euria denean Negutegia erabiltzen dute. Eta, aurtengo eguraldia tarteko, maiz erabili dute. Orain, eta irailaren 15era bitartean, Koldobika Jauregi vs Juan Ramon Llavori. Ezer ez da ematen duen hori izeneko erakusketa dago bertan, Llavoriren argazkiekin eta Jauregiren 80ko hamarkadako eskulturekin. Normalean 24 orduz izaten da zabalik, eta atean kartel bat izaten da: “Irtendakoan, itxi atea”. Erakusketak aldatu egiten badira ere, beti izaten dira, eta beti zabalik. “Erakusketak eta ekintzak planteatzen ditugunean, beti esaten dugu  ez ekartzeko sekulako dirutza balio duen piezarik. Ez zaigu interesatzen dirutan zenbat balio duen, baizik eta pieza horren berezko balioa, estetikoki edo esanahiaren aldetik”.
Jardunak erakusten du ondoen Ur Mararen izaera. Adibidez, paperarekin egindako ekintza ugariak “adibide ona dira zer egiten dugun ulertzeko”. Papera, lan grafikoak eta artista liburuei buruzko topaketak antolatu zituzten hainbat talderekin elkarlanean ekainean eta uztailean. Topaketa horietan, eskuz egindako paperak erabili zituzten. Hala, paperaren sortze prozesutik abiatu ziren, papera nondik datorren erakusteko. Eta, horretarako, Ur Maran landatu zituzten papera egiteko zenbait landare. “Zergatik ez erakutsi jendeari papera nondik datorren? Hori izango litzateke artetik abiatuta naturaraino egindako bidea”.
Ur Mara duela urte eta erdi zabaldu arren, aspalditik mamitutako egitasmoa da. “Lehenagotik ari ginen gauzak egiten, herrian gehienbat. Etnografiari lotutako hainbat proposamen genituen, eta Alkizan Itxurain izeneko taldea sortu zen, proposamen horiek herritarren artean lantzeko, txerri hilketa ohiko moduan, esaterako. Guk bultzatutako proiektua, baina herritarrei esker gauzatua”. Ur Mara sortzean, proiektu hori “erdi lo” geratu zen, baina aurten jarraipena eman zaio. Esate baterako, maiatzean barrenatzaile baten erakustaldia egin zuten harrobian, bertako harri baten gainean. Hau da, “ahalik eta modu naturalenean”, ofizioak ingurunearekin duen lotura azaltzeko.
Askotariko ekintzak, beti ere elkarlanari lekua eginez. Ezinbestekoa, ez baitute erakundeen laguntzarik jasotzen. Filosofia egokia “krisi garaietarako, baita krisi garaiak ez direnetarako ere”. Gainera, krisiaren ondorioz artearen mundua nahikoa geldi dagoenez, egitasmoa indartzeko une egokitzat jotzen du oraingoa.
Horrenbestez, ikustekorik edota parte hartzekorik ez da falta Ur Maran. Aurten, besteak beste, kontzertuak; papera, lan grafikoa eta artista liburuei buruzko Grap-hik! 2013 topaketak edota hitzaldiak eskaini dituzte, eta urtea amaitu bitartean beste bi jardunaldi ere egingo dituzte, horiek ere papergintzan oinarrituta. “Geroz eta proposamen gehiago ditugu, bai musikarien emanaldiak, bai artisten erakusketak,  hitzaldiak... antolatzeko. Gure gain har ditzakegunak baino gehiago. Alde horretatik, balorazio ona egiten dugu”. Eta bisitariei begira ere gustura dago Jauregi. “Oso balorazio ona egiten dugu, jendea parte hartzen ari delako”. Batez beste, jardueretara 400 lagun baino gehiago hurbildu dira, eta bisitari kopurua apur bat handiagoa izan da.  Hori bai, “proportzioan, bisitari asko kanpotarrak izan dira. Baina oraindik ikusteko dago, denbora gutxi daramagulako. Urte eta erdi gutxi da, eta oraindik dena apur bat gehiago finkatu beharra daukagu”.
Ez museo arrunta, ez baso arrunta. Onena, joan eta ikustea. Bizitzea. “Hau baso bat da, aldameneko beste baso batzuk bezalakoa, ez du ezer berezirik, eta, era berean, badu  zerbait berezia. Beraz, hona etorri, ikusi eta akaso, hemendik joaten zarenean, aldameneko basoa ere ezberdin ikusiko duzu”.

 

Mara-mara

“Elurraz, eta izerdiaren, malkoen eta abarren jarioez mintzatuz, emeki baina ugari
”. Hala azaltzen du mara-mara terminoa Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegiak. Ur Mararen kasuan, urari lotua datorkigu hitza. Proiektuari izena jartzerakoan, Ur Marako sarrerako toponimoari erreparatu zioten. “Umana izena du leku horrek, eta “urak eramana” esan nahi du. Hasiera batean, Umana izena aukeratu genuen, baina hainbeste enpresek erabiltzen dutenez izen bera, hura baztertu eta urarekin lotura zuen beste izenen baten bila hasi ginen”. Hala, batez ere elurrarekin erabiltzen den berba hautatu zuten, eta laburtu. Ura mara-mara beharrean, Ur Mara. Elurrak, urak eta bestelakoek ez ezik, sormenak ere mara-mara busti baitezake hara joaten dena.

Hitzaren babesa’

Henry David Thoureau pentsalari, idazle eta naturazale amerikarrak (Concord, Massachusetts, AEB, 1817-1862) toki nabarmena du Ur Maran, Hitzaren babesa izeneko txokoari esker. Egurrezko txabola bat da, eta desobedientzia zibilaren aitatzat hartua izan dena  du inspirazio iturri. Izan ere, Thoureau zenbait urtez bizi izan zen txabola batean, Concord jaioterritik gertuko Walden aintziraren ondoan, naturaren ondoan bizitzeko asmoz. Esperientzia hura Walden izeneko saiakeran jaso zuen. Liburu horrek bultzatu zuen Jauregi etxola egitera. “Duela 20 urte inguru, Thoureauren testuak irakurri eta txabola eraiki genuen. Bizpahiru urtez erabili genuen emazteak eta biok, tarteka egonaldiak eginda. Proiektu honekin hasi ginenean, konpondu egin genuen, nahiko hondatua zegoelako, eta espazio hori berari eskaintzea erabaki genuen. Mundua ikusteko beste modu bat, beste ikuspegi bat izan daiteke espazio hau”. Hitzaren babesa ekimenarekin, munduko hainbat lekutako jendearen mezuak bildu nahi dituzte bertan, mezuok jaso ahala. Oraingoz, Thoureauren esaldi ezagun bat dago irakurgai: “Simplify, simplify” (“Sinplifikatu, sinplifikatu”). Ur Mararen filosofiarekin bat datorrela uste du Jauregik. “Gauza gutxirekin bizi daitekeela erakusteko balio du espazio honek. Zenbat gauza behar dut bizitzeko? Zenbat gauza ken diezazkioket nire bizitzari ondo bizi ahal izateko?”. Gogoetarako bide ematen duen lekua, zer pentsatua ematen duena. Etorkizunean erabilera gehiago emateko aukera buruan du: “Agian sortzaile batek etorri nahiko du egun batzuk bertan pasatzera. Guk askatasun osoa emango genioke, eta berak idazteko erabili ahal izango luke espazio hau. Aukera hori ere hor dago. Nolabait, aukeren lekua da toki hau”.