Mangamore, Japonia Amorebieta-Etxanon

manga

Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroak Mangamore manganime jaialdiaren zazpigarren edizioa hartuko du urriko bigarren asteburuan. Sarrera aretoa, frontoia, liburutegia, hitzaldi aretoa... guztiak egongo dira jendez beteta, baita kanpoko parkeko karpa ere. Denetariko jendea: familiak umeekin, gazteak... eta publiko espezifikoagoa, Japoniako kultura modernoak erakarria. M. Egimendi.

 

 

Denek izango dute bi egun eta erdiko egitarau oparoaz gozatzeko parada: gune orokor bat egoten da mundu guztiarentzat, tailerrekin, txapelketekin, kirolekin... Eszenatokian, berriz, karaoke eta cosplay lehiaketak, kontzertuak, dantzak... Umeek Ureshi Land espazioa dute eurentzat prestatua; eta manganimezale adituentzat, tailerrak, hitzaldiak eta abarrak. Salerosketa gune bat ere bada, manga, anime eta bideo-jokoetako panpinak, posterrak eta lolita eta bestelako cosplay jantziak erosi ahal izateko. Bestetik, jaki japoniarrak erosteko aukeraz gain, kafetegia Maid Cafe jatetxe bihurtzen da Mangamoren. Bertan janari japoniarra dasta daiteke bazkaltzen zein afaltzen, anime estetikarekin oso lotutako zerbitzari dotoreen eskutik.
Aurtengo egitarau zehatza ezagutzeko mangamore.net gunera jo daiteke,  badira-eta berrikuntza aipagarriak ere. Esate baterako, bideo-joko gehiago egongo dira, Nintendo enpresak ekarriak. Eta scalextric bat Mario Cards-eko autoekin (umeen gunean telegidatutako autoentzako pista bat ere bai). Gainera, efektu berezien makillaje tailerra egingo dute lehenengoz eta sukaldaritza tailer ezberdin gehiago egongo dira. Cosplay mozorroak ere josiko dituzte, meritua norberak egindakoak baitauka, ez erositakoak. Berriak izango dira kensei, teru-teru eta animeen bikoizketa tailerrak ere. Bisitari helduentzako ekintza gehiago sartu dituzte, ikusle huts izateari utzi eta parte har dezaten. Izan ere, hori da Mangamoreren helburuetako bat, Gazteria Saileko teknikari David Murilloren esanetan: “Bisitaria berak egindako zerbaitekin itzultzea etxera, amigurumi bat besterik ez bada ere, dirua gastatu barik. Izan ere, jardunaldi hauek gaueko aisialdi programa moduan jaio ziren, gazteak gauzak egitera bultzatzeko, eta ildo beretik jarraitzen dute”.
Bestalde, ikuskizunei dagokienez, azken urteotan ez bezala, aurten berriro etorriko da Zaragozako Mangaku taldea, mangaren inguruko musikalak egiten dituena. Elkarte beretik etorriko da Kokeshi ere, Japoniako taldeen imitatzaile onenen lehiaketa irabazi duen bikotea.
Iaz hamar mila bisitaritik gora jaso zuen Mangamorek. Jendea Bartzelona eta Madriletik ere etortzen da, eta pasa den edizioan akita inu eta shiba inu txakurren lehiaketara, Europako beste herrialde batzuetatik ere bai, Suitzatik, esaterako. Herriko hotel guztiak betetzen direnez, bisitari batzuek Bilbokoetan geratu behar izaten dute.
Batzuetan irakasle japoniarrek eskaintzen dituzte tailerrak (taiko tailerrekoak, esaterako, Madrilen bizi den familia batekoak dira). Bestalde, EHUko irakasle japoniar batek hizkuntza idatziaren oinarri batzuk azaldu izan ditu, etxera norberaren izena japonieraz idatzita eramateko adina, behintzat. Sukaldaritza tailerretarako ere sukaldari japoniarra ekarri izan dute, eta iaz txakurren lehiaketara Japoniatik bertatik etorri zen epaile bat.
Japoniak Madrilen duen enbaxadakoek ere bisitatu zuten Mangamore 2012 eta “oso pozik” alde egin zuten, “Mangamoren egiten den gaiaren inguruko tratamendua” gustatu egin baitzitzaien.  Halere, duela hiruzpalau urte ikebana tailerrera ekarri zuten emakume bati ez omen zitzaion gustatu, bere ekintzan parte hartu zuen jendearekin oso pozik egon arren. “Bera oso klasikoa zen. Gu kontziente gara hainbat gunetan Mangamorek parke tematiko bat ematen duela, publiko hori dugulako. Baina beste gauza batzuk serioago eta kultura japoniarra ondo erakusteko moduan egiten saiatzen gara. Mangamoren ikusitako ekintza edo gunearen arabera, bisitariaren ondorioak ezberdinak izan daitezke”.
Zelaieta Zentrotik herrira

 

 

Duela zortzi urte, Zelaieta Zentroko gaueko aisialdi programaren baitan, 15 urtetik gorako gazteentzako zerbait prestatu nahian antolatu zuten Mangamoreren hazia izango zena. Zapatu arrunt batean Japonia gaitzat hartu eta bikoiztu egin zen espero zuten parte hartzaile kopurua. Eskaerari erantzuteko lehen Mangamore 1.500 lagun inguru biltzeko asmoz antolatu bazuten ere, 6.000 hurbildu ziren, adin guztietakoak, gainera. Arrakasta ikusita, aurrera jarraitu behar izan zuten. Hasiera hartan Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gazteria Sailekoek Bilboko Tarasu elkartera jo zuten antolakuntza lanetarako, baita herrian bertan dagoen rol eta estrategia jokoen inguruko Forjadores elkartera ere. Gaur egun, Udalak azpiegitura jartzen du eta elkarteek osatzen dute egitaraua; eurak arduratzen dira tailerrez eta gainontzeko ekitaldiez. Bertan ibiltzen dira Bilboko Lolitak eta Tarasu, baita Amorebieta-Etxanoko Forjadores eta Mangamorek inspiratuta sortu zen Soshiki elkartea ere. Aurten lehenengoz Donostiako Gauargi eta Maru eta Gasteizko Chicara elkarteak ere egongo dira lanean. Finantzaketaz Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia arduratzen dira.
Aurten, baina, herrigunera zabaldu nahi dute Zelaieta Zentroan sortzen den giroa. Izan ere, herrian nabaritzen da zerbait berezia gertatzen dela, mozorro batzuk ikusi eta hotelak bete egiten direlako, baina gainontzean ez da ezer igartzen. Beraz, Amorebieta-Etxanoko taberna batzuek pintxo japoniarrak eskainiko dituzte larunbateko pintxo-potean. Girotzeko, desfile bat egingo dute kaleetan zehar Ureshi maskotarekin eta aurtengo karteleko pertsonaiekin: karroza, batukada, dantzariak... Eta erromeria urtero bezala, trikiti eta txistuarekin, baina anime abestiekin, euskal kultura japoniarrarekin nahastuta.
Gainera, Amorebieta-Etxanok bere bideo-jokoa edukiko du. Ureshi maskota eta Mangamore 2013ko karteleko pertsonaiak hartu dituzte herriko hainbat lekutan txertatzeko: udaletxea, eliza... Udalerria sustatu nahi dute horrela, Mangamorek presentzia handia duelako manganimearen inguruko webguneetan, “baina horietako askotan Bilbon egiten dela esaten dute”. Bideo-jokoa debalde atzitu ahal izango da ordenagailu bidez, eta geroago sakelako telefonoetarako  egokituko da. Era berean, jaialdiak dirauen artean, stand berezia jarriko da bertaratzen direnek ezagutu eta jolasean jardun dezaten.

Melissa Ezquerra,
Tarasu elkarteko kidea

Melissa Ezquerra (Bilbo, 1994) Bilboko Tarasu elkarteko kidea da. Mota honetako gainontzeko taldeetan bezala, bertako partaideek manga, animea, bideo-jokoak eta oro har japoniar kultura modernoa dute gustuko. Barikuetan biltzen dira Deustuko Bidarte Udaltegian euren zaletasunean murgiltzeko: rol jokoak eta estrategia partidak, bideo-jokoak, origami tailerrak eta bestelakoak. Partaide gehienak neska eta mutil gazteak dira. Melissa duela hiruzpalau urte hurbildu zen mundu honetara, Getxoko Komiki eta Manga Azokara egindako bisitaldi baten ondorioz: “Manga komikia asko gustatu zitzaidan eta Tarasun ezagun bat nuenez , bertan sartu  nintzen”.
Melissa telebistako marrazki bizidunak ikusiz zaletu zen: “Dragoi Bola, Oliver eta Benji, Ranma... ETBko Betizu saioan piloa jartzen zuten! Ezagutu, gustatu eta informazio bila hasi nintzen”. Horiek guztiek eraman zuten Japoniako kultura modernoa ezagutu eta mirestera. Manga komikiak eta anime DVDak biltzen ditu Melissak batez ere, bideo-jokoak baino gehiago. Masashi Kishimoto eta Yoitsi Takahashi manga egileak gustatzen zaizkio batik bat.
Melissak ez daki japonieraz. Badu etorkizunean ikasteko gogoa, “garestia eta zaila” izan arren, baina elkartean, eta elkarrizketan, noiznahi erabiltzen ditu japonierazko hitzak: origami, amigurumi, ikebana... berbak ama-hizkuntzakoak balitu bezala ateratzen zaizkio ezpain artetik. Lolita estetika ere gustatzen zaio, “soinekoak oso atsegin ditut”, baina ez ditu erabiltzen, “deserosoak direlako eguneroko bizimodurako”; hala ere, aitortzen du beltz eta gorri koloreak oso ohikoak direla horrelako elkarteetako partaideen janzkeran.
Tarasu da Mangamoreren antolakuntzan parte hartzen duen elkarteetako bat. Bere
standean bideo-jokoak, manga komikiak, elkarteko kideek egindako txapak eta ramena saltzen dituzte; horrez gain, elkarteari buruzko informazioa ematen dute, PlayStationak dituzte umeak jolas daitezen eta ramena prestatzen dute bertan dastatzeko.

Hiztegitxo japoniarra

Amigurumi: eskuz egindako puntuzko panpina
Anime: marrazki bizidunak
Cosplay: manganimearekin lotutako mozorroa
Ikebana: lore apainketaren arte japoniarra
Kensei: figura txikiekin egiten den jokoa
Manga: komikia
Okonomiyaki: pizzaren antzeko jaki japoniarra
Origami: papiroflexia
Papercraft: origamia, baina artaziak eta lekeda erabilita
Para-Para: taldean egiten den dantza, musika elektronikoaz
Ramen: fideo moduko jakia
Shogi: xake joko japoniarra
Sihatsu: masaje japoniarra
Taiko: Japoniako danbor mota bat
Teru-Teru: eguraldi ona eskatzeko panpinatxo zuria, paperez edo oihalez egina
Tsuro: ahalegin fisikoa eskatzen duen joko erraldoia, puzzle antzekoa
Yukata: kimono arina, udakoa