Herritarren Iruñea

labrit

Herri baten historia herritarrek idazten dute; haatik, kontakizun ofizialetik at geratzen dira gehienetan. Hori dela eta, Labrit Tours taldeko kideek pauso bat harago eman dute, eta ezezaguna dugun Iruñea aurkeztu nahi digute lau ibilbide eginez. Hiriaren nortasunaren eta kulturaren berri ematea dute xede; hots, Nafarroako hiriburuaren bihotzeraino bidaiatzen dute, irizpidedun turismoa eginez. Arkaitz Almortza.

 

 

Iruñea zaharreko harrizko eraikinak eta karrikak milaka istorioren lekuko mutuak dira; izan ere, sortu zenetik, hirian gertaturiko pasarteen eszenatokiak izan dira. Alabaina, istorio txiki eta handi horiek ez dira biltzen liburu ofizialetan, eta hiria ezagutzera gerturatzen diren bisitariek ere ez dute horien berri izaten. Horrenbestez, Labrit Tours egitasmoko Kike Diez de Ultzurrunen eta Gaizka Arangurenen proposamenak ezagutzera ematen ditu hiriko bitxikeriak eta xelebrekeriak: “Ohiko bisitetan kontatzen ez dena azaltzen dugu. Irizpidedun turismoa deitzen diogu, hemengo kulturaren, hizkuntzaren, identitatearen eta nortasunaren berri ematen dugulako” dio Diez de Ultzurrunek.
Bisita gidatuak eskaintzeko ideia orain dela 7 edo 8 hilabete bururatu zitzaien Iruñeko bi kazetari prestu hauei. Biek ala biek curriculum zabala eta interesgarria dute, eta ibiliak dira bisita gidatuak egiten: Arangurenek Nafarroako historia aurkeztu izan die bisitariei eta Diez de Ultzurrunek Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroetara heltzen ziren ikasleak eramaten zituen Alde Zaharra ezagutzera. Azken honek, gainera, Euskalerria irratian aritzen zenean, Iruñeari eta Iruñerriari buruzko kontu eta bitxikeriei buruz hitz egiten zuen, eta era berean gai horien inguruan idazten zuen Egunkariaren Nafarkaria euskal gehigarrian.      
Proiektua martxan jarri ahal izateko, Labrit Multimedia enpresaren baliabideak erabili dituzte, Gaizka Arangurenek bertan egiten baitu lan. Ekoizpen-etxe honek Nafarroako ondare ez-materiala bildu, aztertu eta hedatzen du, eta ildo bera jarraituz antolatu dituzte ibilaldiak.
Hasteko, lau ibilbide eskaintzen dituzte: Ecin scriba çayteyen?, Iruñeko euskal idazleek utzitako ondarea, haien bizitza, ibilbidea eta lanak aurkezteko; Sanferminak, entzierroaren eta jaien sorrera azaltzeko; Lingua Navarrorum, “euskarak gure hirian izan duen indarra erakusteko ibilbidea”; eta Iruñea Hiri Buruzagi, Iruñearen irakurketa historiko-politikoa egiteko ibilbidea. Bada bosgarrena ere, Iruñea norberak nahi bezala ezagutzeko. Ekainaren amaieran hasi ziren lehen bisitak egiten eta, lehen esperientzien arabera,  “bisitariak  harrituta geratzen dira” entzuten dutenarekin. Guztira, bost hizkuntzatan eskaintzen dituzte ibilbideok: euskaraz, katalanez, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
Bisita gidatuak Iruñearen kokapena azalduz hasten dira, eta horretarako harresiraino gerturatzen dira bisitariak. Hasierako azalpenekin batera sortzen dira lehenengo galderak: “Zein da euskararen benetako kolorea?” galdetu du Kikek. Harresietatik ikusten den paisaiak dauka erantzuna: ez da soilik  berdea. “Betidanik esan digute euskararen kolorea berdea dela, baina hau ere euskal hizkuntzaren lurraldea da, garai bateko hemengo nekazariek ere euskaraz hitz egiten zuten, eta uda aldean lasto kolorea izaten du paisaiak”.
Baskoien hiri zaharrera itzulita, iruindarren bihotzeraino heltzen gara: euskarara. “Zergatik daude hain eremu txikian antzeko izena duten hiru hiri? Hau da, zer dute berdina Iruña-Okak, Irunek eta Iruñeak?”. Galdera hori erantzunik gabe geratzen da (bisita gidatua egitean emango dute). Alde Zaharreko karrikei dagokienez, Erdi Aroan euskal izena zuten, eta horren adibide dira San Lorentzo elizaren inguruko karrikak; besteak bestek, Arraiasorantza, Zakudinda (zakugileen kalea) eta Urradinda (urregileen kalea).
Iruñearen birika nagusia da euskal kultura, mendez mende hiriari arnasa eman diona. “Nabarreriako iturriari sormen iturria esaten diogu, bertan jaio baitzen, esaterako, Alexander Tapia Perurena euskal olerkaria. 1936ko gerra hasi zenean, sormenerako gaitasunik gabe geratu zen inguruan gertatzen ari zenagatik, eta gauza bera gertatu zitzaion Javier Ziga pintore euskaltzaleari, hiriko zinegotzi eta sanferminetako hainbat kartelen egile izandakoari”.
Nabarreriatik oso gertu dago Txapitela kalea, jatorri frantseseko izena daramana, amaierako “a” euskarak jarri badio ere. Karrika horretan bizi zen Arturo Kanpion euskaltzale sutsu eta idazle handia. XIX. mendean, euskarak atzerakada izugarria izan zuen, eta ehun urtean desagertzeko zorian egon zen Lizarra, Gares, Tafalla eta Iruñeko inguruetatik (hainbat herritan desagertu egin zen). Ondorioz, euskararen aldeko lehen mugimenduak sortu ziren, eta bertan aritu zen, beste ba-tzuen artean, Kanpion. Testuinguru horretan sortu zen Iruñeko lehen ikastola Karlos III.aren etorbidean, 1936ra arte zabalik egon zena.
Euskararekin zerikusia duten beste hainbeste bitxikeria kontatzen dituzte Labrit Tourseko kideek, guztiak ere arras interesgarriak. Adibidez, 1949an sortu zen Hego Euskal Herrian lehengo euskaltegi publikoa; alegia, frankismoa puri-purian zegoela zabaldu zuen  Nafarroako Diputazioak euskaltegi publikoa. “Bertan, Donostiatik medikuntza ikastera etorria zen ikasle batek erdi ahaztua zuen euskara berreskuratu zuen: Mikel Laboa zen haren izena” dio Kike Diez de Ultzurrunek.
Filosofia berarekin azaltzen dituzte sanferminen jatorria eta historia. Egun, kanpotik datozen bisitariek zezenen antzera egiten dute entzierroaren ibilbidea, baina jasotzen al dute azalpenik jatorriaren inguruan? Nork asmatu zuen txupinazoa? Zergatik hil zuten txupinazoaren sortzailea? Noiztik janzten dira iruindarrak zuriz eta gorriz? Zergatik dute doinu berbera Uno de enero abesti herrikoiak eta Olentzero buru handia kantak? Alaitz eta Maiderrek abesten zuten moduan, mila galdera eta denak batera, baina kasu honetan Kikek eta Gaizkak dituzte erantzunak.
Hala ere, dena ez da kultura eta hizkuntza, Iruñeko Ziudadelak ere hainbat kontu bitxi ezkutatzen baititu. Esaterako, zergatik eraiki zen? Historia ofizialak dio Espainiako Felipe II.ak eraiki zuela Iruñea frantsesen erasoetatik babesteko; haatik, Kike Diez de Ultzurrunek azaldu digunez, “benetako helburua izan zen Iruñeko herritarrak motzean lotzea, mende horretan gauzatu baitzen konkista, eta, antza, Espainiako erregea beldur zen nafarrak ez ote ziren berriz ere garai bateko Nafarroako errege-erreginen alde lerratuko”.
Istorioak istorio, Labrit Toursen eskaintza oso interesgarria da benetako Iruñea ezagutu ahal izateko. Azken finean, hiriaren historiaren benetako protagonistak dira mendeetan zehar Iruñea egin dutenak. Gainera, aipatu beharra dago bisita gidatua ez zaiola soilik kanpotik datorren bisitariari eskaintzen, etxekoei ere beraien hiria hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen baitzaie. Zalantzarik gabe, aukera polita da geure burua hobeto ezagutzeko, baita nor izan ginen, nor garen eta nora goazen ere hausnartzeko.

 

 

Bisita gidatuak egiteko informazioa:
Telefono-zenbakia: 948 210 103
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.
Webgunea: www.labritours.com