Komunikatzeko leihoa

aiara

Eskualdeak faltan zuen euskarazko hedabide baten hutsunea betetzeko sortu zen Aiaraldea.com atari digitala. Harrezkero, irrati bat  jarri dute martxan eta laster paperean ere agerkaria aterako dute. Ivan Santamaria.

 

Ia 25.000 euskaldun dituen esparru geografiko naturala da Aiaraldea, Araba eta Bizkaia artean. Populazioa nahiko esanguratsua bada ere, ez zen euskara hutsez informazioa jasotzeko aukerarik esparru horretan. Hutsune hori betetzeko sortu zen, orain dela lau urte, Aiaraldea komunikazio leihoa: “Hasieratik, helburua euskararen normalizaziorako eta sustapenerako tresna izatea izan da” laburbildu du Izar Mendigurenek elkartearen ordezkari.

 

Komunikazioa bi esparru ezberdinetan lantzea erabaki zuten. Alde batetik, komunikabidea bera. Bestetik, elkarteak sustatuko zuen lana. Biek dute helburu bera, baina  eginbehar ezberdinak. Hala, elkarteak bere gain hartzen ditu euskara bultzatzeko jarduerak. “Euskalgintza kontseilua bultzatu dugu. Horretan, herri ezberdinetako euskara elkarteekin elkarlanean, azterketak egin eta ekintzak prestatzen dituzte”. Aldez aurretik oso koordinazio gutxi zegoen.

Aurten beste urrats bat egin  eta erakundeen kontseilua sortu dute. Hor  Aiaraldeko udalerrietako alkateak eta alderdi politikoak biltzen dira, euskararen normalizazioan pauso berriak hitzartzeko. “Azken akordioa izan da euskarazko komunikazio protokoloa sortzea. Gauza asko egin daitezke. Ez da soilik prentsa-ohar bat euskaraz egitea, baita webgunean zein hizkuntza dauden, telefonoko lehen erantzuna zein hizkuntzatan den... eta halako kontuak”. Kalera begira, dena den, elkartearen ekimen arrakastatsuena Aiaraldea.com atari digitala izan da. Elkartea sortu eta urtebetera jarri zen martxan, orain dela hiru urte. Bederatzi udalerriren inguruko albisteak ematen ditu: Handienak Laudio eta Amurrio dira, Araban; eta Urduña Bizkaian. Hasieratik egin zuten multimediaren aldeko apustua: albisteak, argazkiak eta bideoak. Bilakaera sekulakoa izan dela nabarmendu du Mendigurenek: “Egunerokoan jotzen du jendeak Aiaraldea.com atarira, baina batez ere eragin hori deialdi berezietan nabaritzen da. Izan hauteskundeak, izan Araba Euskaraz edo greba deialdi bat, jendea adi egoten da, eta hori emaitzetan eta bisita kopuruan nabaritzen da”. Iazko abenduan beste bide bat ireki zioten komunikazioari. Ordudanik airean da Aiaraldea irratia. Internet bidezko irratia da eta eduki guztiek lizentzia librea dute.

Erredakzioa, irrati estudioa eta elkartea Laudioko bulego batean daude. Hiru langile dabiltza proiektu guztia koordinatzen, baina benetako arima laguntzaile sareak osatzen du. “Norberaren araberako lankidetza da proiektuaren filosofia eremu guztietan. Bakoitzak gustuko duen eremu horretan nahi  beste ematea, proiektu bizigarria izatea, eta ez zama bat”, Mendigurenen aburuz. 50 lagun ingururen ekarpena dute, eta  egun astero hamabost bat irratsaio ekoizten dituzte.

Gelditu gabe, hurrengo bi proiektuak labean dituzte orain Aiaraldea komunikazio leihoan. Udazkenean paperera jauzi egin nahi dute. Bi astekari bateratzea dute buruan. Aiaraldea osoan banatuko da, dohainik. Aliantzak bilatzen ari dira finantzatzeko eta banatzeko, trukeen eta publizitatearen bidez. Paperaren etorkizuna zalantzan dagoen arren, elkartetik argitu dute oraindik merezi duela euskarri horrekin saiatzeak: “Jende asko euskalduna da, baina ez  Internet zalea. Horiengana iristeko, paperaren aldeko apustua egin dugu,  jakinda paperak bere funtzioa betetzeari uzten badio, ken dezakegula”.

Erabiltzaile sarea handitzeko helburua du beste berritasunak. Komunitatearen plaza sortuko dute Internet atarian. Eskualdeko eragileak nahiz biztanle arruntak erabiltzaile eta parte-hartzaile aktibo bihurtu nahi ditu eremuak. “Musika taldeek euren kontzertuen berri emateko, alderdiek euren mezua zabaltzeko edo kultur taldeen egitasmoak jakinarazteko erabiliko da. Haiek igorriko dituzte berriak eta haien plaza izango da”.
Komunitate euskaldunak egin dien harrerarekin pozik daude, eta eskualdean aldaketa nabaritu dela uste dute. “Pixkanaka geure lekua egin dugu. Bada jendea euskaraz jakin gabe ere bideoak edo argazkiak ikusteko sartzen dena. Hasieratik bagenekien jende batengana ez ginela iritsiko, baina euskarak behar zuen aukera hau” azpimarratu du Mendigurenek. Proiektuaren izaera aldarrikatu du, era berean: “Leihoa da eta zabalik dago nahi duenak begiratzeko. Aiaraldean bada informazio asko herri txikietan ere, eta beste lekuetan sartzen ez diren gauzak eskaintzen ditugu. Tokikotasuna geure bertuteetako bat da”.