Kalean badaukat jenioa, baina uretan handiagoa

patroiaNagore Osoro, Zumaiako patroia

Duela lau urtetik Zumaiako emakumezkoen traineruko patroia da Osoro (Ondarroa, 1994). Lehenago Ondarroan aritu zen lau urtez patroi, bateletan. Iaz bezala, aurten ere Euskotren Liga eta Gipuzkoako Liga irabazi ditu Zumaiak, nagusitasun osoz: jokatutako ia estropada guztietan gailendu dira. Oso pozik dago aurtengo jardunarekin, eta inoiz irabazi ez duten Kontxako bandera du hurrengo helburua.

Aurten, Kontxa bai?
Nahi bai! Saiatzera joango gara, urtero moduan.

Hain kirol gogorrak zer du “engantxatzeko”?
Bada, ez dakit. Estropadan aurretik zoazela ikustea, edo atzetik baina lana ematen, edo egiten duzun behar guztiak zerbaiterako balio duela... Askotan esaten dut arraunlaria izango banintz ez nukeela aguantatuko. Baina beno, patroi izatea tokatu zitzaidan, hortaz...

Nola ikasten da patroi izaten?
Ez dakit. Askotan esaten da berezko zer edo zer eduki behar dela, baina beno, edozeinek ikas dezake jendea zelan animatu. Beraz, ez da hain gaitza.


Ez da erraza izango talde bat gobernatzea...
Beno, uretatik kanpo ez pentsa! Lehorrean “kirol bullynga” patroiari, beraz... Uretan baino ez didate lagatzen.

Uretan patroi dena, lurrean ere?
Askotan bai. Beti esaten didate jenioa daukadala, eta beno, bai, kalean ere badaukat jenioa. Baina uretan handiagoa. Kalean, besterik gabe... Traineruan, arraunlariek  zure ahotsa besterik ez dutela entzuten  eta eurek momentu horretan duten buru bakarra zeu zarela jakiteak ere eragiten dizu gauzak esatean; agian bai, eduki behar da denek esaten duten kasta hori. Baina kastarik gabea edo lasai-lasaia dena ere jar daiteke patroi lanean, eta ikas dezake arraunlari bakoitzaren ahuleziak topatzen, estropadetan ezinean doazenean zer esan jakiteko.

Arraun munduan bikote asko sortzen omen dira.Kar-kar, bai! Gurean hiru edo lau daude. Arraun munduan dezente daude. Baliteke denok nahiago izatea gu bezala entrenatzen den arraunlari edo kirolaria. Zeinek ulertuko zaitu zeuk egiten duzun berbera egiten duen batek baino hobeto?

Lekeitioko Isuntzak trainerua ateraz gero, joango al zinateke?Kar-kar! Ni ez! Nahiago dut lehorrean geratu eta parranda bota.

Noiz arte arraunean?Aurreko urtean utzi egin nuen, baina azkenean Gabonetan hasi nintzen. Urtero esaten dut azkena izango dela eta urtero segitzen  dut, beraz... Ez dakit, ibili ahala erabakiko dut.

Nola ikusten duzu emakumezkoen arraunaren etorkizuna?
Egia esan, ez nago ziur. Klubetan beti jende bera  ibiltzen da, beraz,  traineruak mantendu egiten dira, baina denbora guztian jende bera izaten da. Horiek nekatzen diren momentuan, ez dakit atzetik nahikoa jende datorren mantentzen segitzeko.

 


Eñaut Mitxelena