Galesko Korrika atzeratu egin dute

Irailaren 13tik 15era bitartean ospatzekoa zen Galesko Ras Yr Iaith (Hizkuntzaren Korrika), Korrika eredu hartuta hizkuntza galesaren aldeko ekitaldia. Machynlleth eta Aberteifi Cardigan artean egingo zuten hiru egunez, baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, atzeratu egin dute. Zehazki, euren webgunean (http://rasyriaith.org/) irakur daitekeenez, trafiko eta segurtasun arrazoiak tarteko erabaki dute atzeratzea. Data zehatzik jakinarazi ez badute ere, datorren urteko udaberrian egingo dute lehen Ras Yr Iaith.
Ekimenaren sustatzaileek AEK eta Korrika gonbidatu dituzte hizkuntza galesaren aldeko ekitaldira, beraz, datorren urteko udaberrian hantxe izango dira AEKren eta Korrikaren arduradunak. Galestarrak ere egon izan dira Euskal Herrian, Donostian bukatu zen 17. Korrikan euskararen aldeko ekimen erraldoiaren barrunbeak ezagutzeko asmoz etorri baitziren gure artera. Laster izango dugu, hortaz, galesaren aldeko jarduna ezagutzeko aukera ere. Korrika oinarri duen beste ekitaldi bat, Bretainiakoaren eta Irlandakoaren ondotik.