Amurrioko AEK-k euskaltegi berria izango du

amurrio

Amurrioko AEK-ko ikasleek euskaltegi berria estreinatuko dute ikasturte honetan, azken urte eta erdian herriko taldeek utzitako lokaletan sakabanaturik ibili ondoren. Izan ere, 2011ko abenduaren 16an haize bolada izugarri batek kalte handiak eragin zituen orduan euskaltegia osatzen zuten barrakoietan, ikasleak eta irakasleak eskolan zeudela.
Harrezkero, haizeak suntsitu ez zuen  barrakoietako bat, ondoko eskola bat, udaletxea bera eta elizaren katekesi eraikina erabili dituzte AEK-ko kideek eskolak emateko. Hemendik aurrera, ordea, azken hilabeteotan egokitze lanak egin ostean, eskola zaharraren eraikina AEKren euskaltegi berria izango da.
Amurrioko Udalak utzi dio eraikina AEKri, hitzarmena 15 urterako sinatuta (beste 5 urtez luzatzeko aukerarekin). Obrak 120.000 €ko aurrekontua eduki du. Horietatik heren bat jarri du Udalak eta gainontzekoa, berriz, AEK-k. Amurrioko AEK-k Amurrion bertan, Urduñan, Artziniegan eta Aiaran sortzen diren taldeak hartzen ditu. Bukatu berri den ikasturtean, orotara 24 talde eta 216 ikasle izan ditu. Guztiek ere merezitako euskaltegia izango dute urritik aurrera.