Azentuduna da

paya

Eiheralarreko abade hark euskarazko lehen liburu hura idatzi zuenean, azentuak jar ziezazkien hitzei, baina ez zuen egin. Ordutik, salbuespenak salbuespen, euskara idatziak ez du azentu-markarik. Euskal hieroglifikoek ez dioskute zer silabatan jarri behar dugun indarra, irakurleon begietan dagoelakoan sistema deskodetzaile hori… baina edo batzuek ez dute sistemarik, edo denok ez dugu berbera (euskara askotarikoa baita). Gainera, Euskaltzaindiak ez du egundo inoren begirik ezta azentuerarik ere lehenetsi; jarraibide ezaren ondorioz, euskara etxean edo herrian oharkabean bereganatu duenak berezkoa du azentu ona, baina inguruan eredu jatorrik izan ez duena euskararen tradiziozko ahoskera trakesteko arriskuan bizi da. Izan ere, ez nuke esango Euskal Herriko ikastetxeetan gure hizkuntzaren azentueraren nondik norakoak azaltzeko usadioa indarrean denik, are gutxiago erdalgune aski populatuetan. Gauza batzuetan ez dago eredu ikasgarri bakarrik (berdin esan daitezke méndi edo mendí), baina ez legoke batere gaizki irakastea euskaraz hitz batek azentu bat baino gehiago izan dezakeela (ospítaleà, libúrutegià), edo euskarazko azentu-unitatea ez dela hitz soila, ezpada hitz multzoa (herríari burùz, etxé honetatìk). Euskara jatorrean hazten ez denak ez du jakiten euskal azentuak balio bereizlea duela hitz jakin batzuetan, ez baita gauza bera básoà (edalontzia) edo basóa (oihana), érreà (letra) edo erréa (kiskalia). Sistema deskodetzailea begietan ez duenak hitzen azkenaurreko silaba markatzeko joera izaten du hegoaldean (ikastóla, jaurlarítza), horixe baita gaztelaniaren jitea (frantsesak azkena markatzen du); euskarak, ordea, hiru silaba edo gehiagoko hitzetan edo hitz-multzoetan, bigarrena eta azkena markatzen ditu (ikástolà, euskó jaurlaritzà), adituek “plus bi minus bat” (+2 -1) izendatu zuten prozedurari jarraiki. Uste baino konplikatuagoa da euskal azentuaren gaia! Pentsa, aizu, zure izena Auróra, Brían edo Léila izango da berez, baina euskaldun jator batek deitzen badizu, Aurorá, Brián edo Leilá esango du. Ez dirudi, baina euskara azentuduna da. Xabi Paia