Osasuna

smokingTabakoaren kalteez ohartarazteko, kaxa hiztunak

Erretzea kaltegarria dela ondotxo dakite erretzaile zein ez erretzaileek. Osasunari kalte handia eragiten diola aski frogatua dago, eta herrialde gehienetako osasun erakundeek etengabe zabaltzen dituzte tabakoaren kalteen inguruko mezuak. Tabakoaren kontsumoa mugatzea xede duten legeak ere geroz eta ugariagoak dira herrialde askotan. Era berean, erretzaileengana modu zuzenagoan heltzeko kanpainak areagotu egin dira. Esaterako, Hego Euskal Herrian tabakoaren kalteei buruzko mezuak, irudiz lagunduak, izan ohi dituzte tabako kaxek. Beste zenbait herrialdetan, aldiz, marka guztietako kaxek diseinu bera izaten dute, mezu eta guzti. Bide horretan, Stirlingeko Unibertsitateko (Eskozia) ikertzaile talde batek beste urrats bat eman nahi izan du. Hala, tabako kaxa hiztunak sortu dituzte. Hau da, zigarreta bat hartzeko kaxa irekitzen den bakoitzean, tabakoaren  kalteak aipatzen dituen mezua entzuten du erretzaileak. Tabakoak osasunean dituen ondorioak ez ezik, erretzeari uzten lagunduko dion erakunde baten telefono zenbakia ere “esaten” du kaxak. Oraindik garatze fasean da tabako kaxa “berritsua”. Orain artean proba gutxi batzuk egin dituzte emakume talde batekin, eta eragina baduela nabarmendu dute kaxaren asmatzaileek. Halere, proba gehiago egingo dituzte, iragarki eta mezuen antzera erretzaileengan inolako eraginik ba ote duten zehazteko.