Ingurumena

costarikaZoologikoak itxiko dituzte Costa Rican

Costa Ricako ingurumen agintariek ez dute kaiolaturiko animaliarik nahi. Hori dela eta, herrialdeko bi zoologiko publikoak itxi eta eraldatu egingo dituzte. Zehazki, San Jose hiriburuko Simon Bolivar zoologikoa lorategi botaniko bilakatuko dute, eta Santa Ana hiriko Kontserbazio Gunea, berriz, hiriko natura parke. Hori bai, herrialdeko beste hainbat zoologiko pribatu, gehienak animaliak sendatu eta zaintzeko baliatzen direnak, zabalik mantenduko dituzte. Bioaniztasun handiko herrialdea da Costa Rica, eta ingurumenaren zaintzari arreta handia eskaintzen diona. Horregatik, animaliak gatibu edukitzea kontraesankorra iruditu zaie herrialdeko agintariei, hortaz, 2014an bi zoologiko publikoak ixtea erabaki dute. Kaiolak kendu egingo dituzte, eta animaliak lekuz aldatu. Hala, bi zoologikoetan dituzten 400 bat animalia (jaguarrak, tukanak, tximinoak...) zoologiko pribatuetara eramango dituzte. Aske ez dituzte utziko, gatibu bizitzearen ondorioz animalia gehienek euren kabuz elikatzeko gaitasuna galdu dutelako. Erabakiak, baina, ez du erabateko adostasunik lortu. Bi zoologikoen arduradunek, esaterako, kezka agertu dute animalien etorkizunaren inguruan. Horrez gain, bestelako susmoak ere badituzte. San Joseko zoologikoa hiriburuko erdigunean dagoenez, eremuak balio ekonomiko handia du,  beraz, zoologikoen arduradunen ustez, interes ekonomiko ezkutuak egon daitezke neurriaren atzean. Haatik, Costa Ricako Ingurumen ministerioak jakinarazi duenez, bi zoologikoen eremuak herrialdeko bioaniztasuna ezagutarazteko baliatuko dituzte, baina barroterik gabe.