Osasuna

zurrungaAbesteak zurrungak gutxitzeko balio dezake

Kantuz, nahigabeak ahaztu dio atsotitzak. Bada, Erresuma Batuko Royal Devon and Exeter ospitalean egindako ikerketa aintzat hartuz gero, kantuz zurrungak ahazten direla gaineratu beharko zaio esaera zaharrari. Izan ere, abesteak zurrunga mota batzuk leuntzeko balio dezakeela ondorioztatu du ikerketak. Zehazki, kantuarekin eztarriko giharrak landuz, zurrungarien egoera hobetu egin daitekeela ikusi dute.  Alise Ojay abesbatza zuzendariak eztarria lantzeko hainbat kantu ariketa prestatu zituen, eta boluntario zurrungariekin erabili. Hainbat azterketa eta proba egin ostean, egiaztatu zuten zurrungari arruntek eta lo apnea ahul edo ertaina zutenek hobera egiten zutela. Zehazki, 60 zurrungari arrunt eta lo apnea zuten 60 lagun erabili zituzten azterketan. Erdiek ariketak egin zituzten, eta gainontzekoek ez. Emaitzen arabera, ariketak egin zituztenek hobera egin zuten. Hori bai, hobekuntzak sumatzeko egunero egin behar izan zituzten ariketak, hiru hilabetez. Eztarriko hotsak lantzeko ariketak nahiko xelebreak dira: unga onomatopeia hainbat tonutan abestu behar da, egunero 12 minutuz lehen hilabetean, eta egunero 18 minutuz gainontzekoetan. Dena dela, inork ez dezala pentsa unga abestuz zurrungen arazoa konponduko duenik, arrazoi ezberdinengatik egin ohi delako zurrunga. Ojayren ustez, adin jakin batetik aurrera zurrunga egiten hasten diren gehienen kasuan eztarriko muskulu tonu falta izan ohi da zergatia. Horrenbestez, kantua halako kasuetan izan daiteke  baliagarria. Nolanahi ere, ohe-kide zurrungariak baino ohe-kide abeslariak nahi dituenik ez da faltako etxe askotan...