Ingurumena

hartzakOtsoen itzulerak mesede egin die Yellowstoneko hartzei

Yellowstone Parke Naturaleko (AEB) hartz arreen elikadurak hobera egin du otsoei esker. Ehiza zela eta, iazko mendeko 90eko hamarkadan otsorik ez zen geratzen Yellowstonen. Baina parkeko altzeen populazioak gehiegizko gorakada izan zuenez, animalia horien kopurua kontrolatzeko otsoak sartu zituzten berriro ere parkearen arduradunek. Eta, Washingtoneko Estatuko Unibertsitateko (AEB) eta Oregoneko Unibertsitateko (AEB) ikertzaile talde batek frogatu ahal izan duenez, erabaki hark onurak ekarri dizkie parkeko hartzei, haien elikadura hobetu egin baita: duela 20 urte baino basa-fruitu gehiago izaten dituzte jateko orain, batik bat fruitu gorriak. Otsoak ugaritu direnetik, altzeek saihestu egiten dituzte parkeko espazio irekiak. Ondorioz, zuhaixkak ugaritu egiten dira eremu horietan, eta hartzek basa-fruitu gehiago izaten dituzte jateko. Ikertzaileek azaldu dutenez, fruitu horien kopurua bikoiztu egin da urteotan. Basa-fruitu gorriak garrantzitsuak dira hartz arreen elikaduran. Hibernazio aurreko sasoian, pisua irabazteko elikatzen direnean, halako asko jaten dituzte. Hortaz, negurako hobeto elikatzeko aukera izaten dute.