Badoaz

euskaltel

Azken orduko miraririk gertatu ez eta badoaz. Datorren urtean ez dugu Euskaltel-Euskadi taldearen laranja koloredun maillota tropel profesionalean ikusiko. Ia hogei urteko jarduna ez duteĀ  aldats pikoek, bihurgune gaiztoek edota ibilbide nekagarriek eten, errepidez kanpoko arrazoi batek baizik: diruak. Krisia dela-eta erakunde publikoen laguntzak galduta, aurten Euskaltel enpresak bere gain hartu behar izan du taldearen aurrekontu ia osoa. Ardura horri ez ziola bakarrikĀ  eutsiko azaldu ostean, babesle gehiagoren bila ibili dira azken hilabeteotan. Baina babesle berririk ez eta taldea desagertu egingo da urte amaieran. Iragarritako amaiera mingotsa, errepideko suge koloretsuan kolore bat gutxiago ikustea baino ondorio larriagoak izango dituena. Nagusia, taldea osatzen duten 54 langileak kalean geratzea. Horrez gain, euskal txirrindularitza hankamotz utziko duela. Altxa ezinik akaso ez, baina nahiko egoera txarrean bai: maila apalagoetan dabiltzanentzat erreferentea galduta, profesional maila gorenean aritzeko bideak zaildu egingo zaizkie euskal txirrindulariei. Jakina, beste talde batzuk era badira, eta haietan ere badabiltza euskal txirrindulariak. Halere, Euskaltelek Euskal Herriko txirrindularitzari eginiko ekarpen handia urte amaieran etengo da, eta bidean geratuko dira askoren amets, itxaropen eta izerdiak.