Las brujas de Zugarramurdi

zugarramurdi

Zuzendaria: Alex de la Iglesia. Gidoia: Alex de la Iglesia eta Jorge Gerikaetxebarria. Aktoreak: Hugo Silva, Mario Casas, Carmen Maura, Terele Pavez, Jaime Ordoñez. Espainia, 2013.

Istorioa: Bi langabek lapurreta egingo dute Madrilen, urrea salerosten duten denda batean. Urrezko eraztun mordoa lapurtu eta Pariserantz abiatuko dira ihesean. Baina Zugarramurdira ailegatzean, ezin izango dute aurrera jarraitu, sorgin batzuk direla eta…
Zuzendaria: De la Iglesiak aspalditik grabatu nahi omen zuen Zugarramurdin. Sorgin kontuak ez ezik, euskal mitologia ere sakon aztertu ei du filmerako. Nolanahi ere, inork ez dezala espero gaia zorroztasun eta koherentziaz lantzen duen filmik. Bilbotarrak behin baino gehiagotan azaldu du komedia zoroa egin nahi zuela, besterik gabe. Hala, sorginak eta mitologia aitzakia gisa baliatu ditu, baita filmeko iruditeria sortzeko oinarri moduan ere.
Onena: Lanaren xedea entretenitzea da, eta onartu behar da lanak iraun bitartean lortu egiten duela. Hots, ikuslea ez da aspertuko, baina askoz gehiago ere ez diote eskainiko Zugarramurdiko sorginek. Dena dela, baditu zenbait une on, batez ere hasiera aldera.
Txarrena: Une onak bai, baina kaxkarragoekin tartekatuta. De la Iglesiaren beste lan askotan bezala, ondo hasten da, abiapuntu interesgarria du, baina behera egiten du aurrera egin ahala. Etiketa dotoreko xanpain botilen antzera, erakargarria dirudi hasieran, indartsua, baina ondoren indarra galtzen du. Bihotzerrerik, behintzat, ez du uzten.


Eñaut Mitxelena