Azpeitia, euskal antzerkiaren plaza

hamlet

Azaroaren 17ra bitartean, euskarazko antzerkiaren bilgune izango da Azpeitia, urriaren 31n hasi ziren XXXI. Euskal Antzerki Topaketei esker. Hiru asteburutan, euskal talde profesionalen zein amateurren lanak izango dira ikusgai, tartean, bi estreinaldi: Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu taldeek prestaturiko Hamlet, azaroaren 2an estreinatua; eta Bada Teatroa taldeak Traganarru aurkeztuko du hilaren 9an. Ximun Fuchsek zuzendutako Hamlet-en, William Shakespeareren lana XXI. mendeko Euskal Herrira ekarri dute, Xabier Mendiguren Elizegik egokitutako testuari esker. Urki Muguruzak idatzi eta zuzendutako Traganarruk, aldiz, 1912an Bizkaiko Golkoan ehunka marinel hil zituen galerna izango du ardatz. Bi estreinaldioz gain, orotariko lanak eskainiko dituzte Azpeitian, heldu nahiz haurrentzat: Txaloren Hiru, Markeliñeren Hareazko ipuinak...


 

 

zinebileraINDARBERRITUTA dator aurten Lekeitioko Euskal Zine Bilera, euskara eta ikus-entzunezkoak batzen dituen jaialdia. Lantalde berria du antolakuntzak, eta jaialdia berritzeko ahalegina egin du. Sarietan nabarituko dira, batez ere, berritasunak. Izan ere, orain arteko irizpideak aldatu egin dituzte, eta Dokumentalak, Sormenezko eta Argumentuzko lanak saritu beharrean, Zuzendaritza, Ekoizpen, Gidoi, Argazki eta Film onenak sarituko dituzte, lan profesionalen nahiz amateurren esparruan. Gazte 22 saria ere emango du estreinakoz, hasi berriak diren gazteen lana bultzatzeko asmoz. Sariez gain, epaimahaiaren osaketari arreta berezia eskaini diote, baita jaialdiaren hasiera eta amaiera ekitaldiei ere. Hala, azaroaren 24an, Amaren eskuak filmaren emanaldiarekin hasiko dute 36. Euskal Zine Bilera, eta hilaren 30ean amaitu, oraingoz nolakoa izango den jakinarazi ez duten ekitaldi bereziarekin. Orotara, 54 lan ikusi ahal izango dira aurten, hots, iaz jaso zituztenen bikoitza.