Bide Ertzean trantsizioari begira

bide

Diskoa eta liburuxka batzen ditu Bide Ertzean taldearen 77 lan berriak. Non dira diskoan gaia 36ko gerra izan zen; oraingoan, aldiz, trantsizioari erreparatu diote. Hala iradokitzen du lanaren izenburuak ere, 1977ko euskal gazteria gogoan. Abestien gaiak, beraz, askatasuna, berdintasuna, feminismoa, ekologismoa, ikastolen loraldia, alderdi politikoen legeztatzea, sindikatuen indartzea… Halere, nostalgiatik baino, jakin-minetik eta hausnarketatik gehiago dute kantu berriek. Abestiak  Spotify plataforma digitalean jarri dituzte entzungai, baina aipatzekoa da liburuxkaren diseinu zaindua, Joseba Ponceren lanak 70eko hamarkadako euskal estetika oroitarazten duelako. Idazlanak Koldo Izagirrek eta Garbiñe Ubedak sortu dituzte: aurrenak, garaia fikzioaren bidez azalduz; bigarrenak, berriz, oroitzapenezko testigantzak bilduz.
Bestalde, diskoa aurkezteko biran, hirukote izango da Bide Ertzean: Karlos Arantzegi, bateria eta perkusioan; Joni Ubeda, gitarra apala jotzen eta koroak egiten; eta Imanol Ubeda, gitarra eta harmonika jotzen eta abesten. Diskoa ere halaxe grabatu dute Urnietako Sarobe estudioan.


 

napokaNAPOKA IRIAK zortzi kantaz osatu du bere bigarren disko luzea, eta Arnasten ikasteko berriz jarri dio izena. Taldea sortu zenetik egindako bidaian bildutako eskarmentuaren emaitza da Bonberenea Ekintzak zigiluarekin argitaratu duten lan berria. Miren Narbaizaren eta Ander Mujikaren gitarrek Felix Buff, Iban Urizar eta Ibai Gogortzaren musika tresnen laguntza izan dute abestiak jo eta grabatzeko: perkusioa, tronpeta, harmoniuma eta kontrabaxua. Hala ere, lehenengo lanaren oinarri berari eutsi arren, hura baino sinpleago egin dute disko hau. Hil honetan hainbat dira diskoa zuzenean entzuteko aukerak, esaterako, azaroren 10ean Markinan, 14an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eta 17an Beran.