Uxue Alberdiren hirugarren liburua: ‘Euli-giro’

uxue

Bere bigarren ipuin bilduma kaleratu du Uxue Alberdi idazle gipuzkoarrak Aulki bat elurretan (Elkar, 2007) izenekoaren ondoren. Oraingo hau (Euli-giro, Susa) bederatzi narrazio laburrez osatu du, guztiak ere erabat independente eta ezberdinak, banaka idatzi dituelako. Inguratzen dituen atmosferak lotzen ditu, pertsonaiak ez baitaude lasai, ezinegonak eraginda baizik. Hala, badira errealismo magikora edo egoera kafkiarretara gerturatzen diren istorioak, bere bulegoan kanpotarra dirudien abokatuarena, esaterako. Ondokoak dira beste ipuinen protagonistak: baserri zaharrean bizitzen hasi den bikote gaztea, mutilaren familia bisitatzera joandako haurduna, andre gaixoa zaintzera hirira joandako neskamea, ikastetxera heldu berri den gelakide aztoratua, poliziak zorrotz galdekatutako idazlea, ama itxuraldatzen ari zaion alaba, eskua galdutako biolontxelo-jolea eta etxean arrotza sartu zaion emakumea. Ipuin guztiak daude kokatuta gaur egunean, bat izan ezik.
Alberdik, bestalde, 2009an argitaratu zuen bere lehen nobela: Aulki-jokoa (Elkar).


 

 

zaldieroaDE RERUM NATURA 5 (Elkar) bilduma kaleratu du Patxi Huarte Zaldi Eroa komiki-egileak, azken bi urteotan argitaraturiko zinten artean hautaketa eginda. Napoleon Lopez elurpean geratu zen, gerraren jaun Aresekin batera, baina hor jarraitzen dute beste hainbat eta hainbat pertsonaiak: euskal Michael Moore bati eta besteari galdezka, Mitxelena XVI.a Iratin, La Consti eta La Pelota Basqua, The Organization… Haatik, pertsonaia berri batzuk ere sortu dira azken bi urteotan: semeari euskañolez hitz egiten dion koinata, guztioi trufaka ari zaizkigun politiko eta enpresari ustelak, komiki aurpegirik ez duen Urkullu... Huartek twitter bidez zabaldutako komikiak ere bilduman jaso dira.