Zintzoen saldoan

saldoJon Alonso
Txalaparta, 2013

Zintzoen saldoan izenburua jarri dio Jon Alonso (Iruñea, 1955) itzultzaile eta idazle nafarrak bere azken eleberriari. Goi-mailako sukaldaritza, ETA, ikertzaileak eta polizia nahasten ditu, besteak beste, Enekoitz Ramirez Lanbas etakide eta preso ohia protagonista duen nobela beltz honek.
Camenbert helburu (Susa, 1998) saio-nobelako pertsonaia bera berreskuratu du Alonsok oraingo honetan. Euskal jatetxe onenetan lapurretan aritu da Lanbas azkenaldian, lagun talde baten konpainian. Kepa Pedrotegi sukaldari famatuaren jatetxean afalduko du hura hiltzen duten gau berean eta, haren ibilbidea ezaguturik, laster leporatuko diote hilketa. Hortik aurrera, eta salaketa horretaz libratzeko asmoz, polizia, abokatu, sukaldaritza kritikoekin eta abarrekin nahastuko da. Hau da, “zintzoen” saldoan ibiltzea tokatuko zaio, iraganean “gaiztoenean” murgildu ondoren.
Sukaldaritzaren aurpegi iluna ezagutzeko aukera emango digu nobelak (Michelin izarrak nola banatzen diren eta halakoak), baina ez hori bakarrik, Alonsok orotariko gaiak lotu eta hausnarketa sakonak egiten baititu, suspensea mantenduz. Umorea ere ez zaio falta hainbat pasartetan.
Ez da hau nafarraren aurreneko thrillerra: Katebegi galdua nobela idatzi zuen 1995ean, Nafarroan galdutako XVI. mendeko euskal eskuizkribuari buruzko polizia-nobela. Eleberriez gain, saiakerak eta ipuinak argitaratu ditu, baita itzulpenak ere.


Lurdes Imaz