Telefonoa nahi erara

PCen munduan erraz-erraza da nork bere ordenagailua sortzea: erosi oinarrizko plaka  eta joan haren gainean nahi beste osagai jartzen: prozesagailua, memoria, txartel grafikoa, sare eta konektibitate txartelak, biltegiratze gailuak, monitorea… Kanpoaldeko kutxa ere nahi erara aukera daiteke, ordenagailu benetan “pertsonala” egiteko. Horrela, gainera, osagaietako bat hondatu edo zaharkituz gero, aldatu eta kito, ez dago zertan ordenagailu osoa aldatu.
Telefonoak ordenagailuak baino askoz ere gehiago kontsumitzen dira. Sakelakoetan gertatzen dira orain berrikuntza teknologiko nabarmenenak, edo beste era batera esanda: telefonoetan eragiten du gehien zaharkitze programatua deritzonak. Telefono egileek nahita eragiten dute gailu berriak urtebetera-edo zaharkituta geratzea, horrela erabiltzaileok produktu berriak erostera behartzeko. Horrek, besteak beste, zabor teknologikoa sortzen du, kopuru benetan industrialetan. Zabor hori gero eta ingurugiro arazo larriagoak eragiten ari da multinazionalek eta kontsumitzaileok teknozabortegi bihurtu ditugun Ghana bezalako herrialdeetan.
Hori guztia kontuan hartuta, Herbeheretako Dave Hakkens diseinatzaileak proposamen interesgarri bat egin du. Phonebloks deitu dio kontzeptuari eta, oinarrian, PCen munduko modulu bidezko egitura telefonoen mundura eramatean datza.
Hala, telefonoak produktu itxiak izan beharrean, oinarrizko plaka baten gainean Lego piezen antzekoak gehituz eraiki ahal izango lirateke, nork bere gustu eta beharren arabera. Horrela, osagarrietako bat zaharkitu edo apurtuz gero, haren lekuan berri bat jarri eta listo, ez genuke telefono osoa zaborretara bota beharko.
Telefonoen osagaiak enpresa ezberdinetatik erosi ahal izango genituzke, behin plataformaren estandarrak ondo zehaztuta. Ideia oso polita da, baina horixe: ideia baino ez. Gauzatu dadin lortzeko, kanpaina bat abiatu du Thunderclap plataforman era guztietako enpresa, inbertitzaile, diseinatzaile, ingeniari eta ikertzaileak konbentzitzeko. Helburua ez da dirua lortzea, ideiarekiko jakin-mina eta interesa piztea baino. Zenbat eta jende gehiagok adierazi ideiaren alde dagoela, orduan eta errazago konbentzituko ditu Hakkensek konbentzitu beharreko adituak. 900.000 sinadura lortu nahi zituen urria bukatu aurretik. Zer iruditzen? Sinatzeko moduko ideia ala ez?

Loturak, estekak, linkak...

http://phonebloks.com
Proiektuaren webgune ofiziala (ingelesez), proiektua azaltzen duen bideo ikusgarria barne. Bisita gomendagarria inondik inora.

http://ttiki.com/55686
Ziberzaborraren inguruko dokumental laburra, zaharkitze programatuak Ghana bezalako herrialdeetan eragiten dituen ondorioei buruz.

http://www.argia.com/albistea/teknozaborraren-arriskuak/
Teknozaborraren inguruko artikulu mamitsua.