Euskarari buruzko zalantzak argitzeko Marimaistra

marimaistra

Hizkuntzari buruzko zalantza eta buruhausteak eguneroko ogi izan ohi dira euskal hiztunarentzat. Kezka eta zalantza horiei guztiei erantzutea du helburu Marimaistrak, euskaldunei laguntzea izugarri gustatzen zaion “maistra” eskuzabal bezain bereziak. Izaera xelebre eta jeinu bizikoa, bere ezagutza euskaldun ororen zerbitzura ipini ohi du astero Goiena Telebistan eskaintzen duen saio laburrean. Saio horiek, baina, edozein unetan ere ikus daitezke sarean, Marimaistraren blogean: http://blogak.goiena.net/marimaistra/. Edonork bidal diezazkioke galdera eta zalantzak Marimaistrari, dela e-posta bidez (E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. ), dela twitter bidez (@Mari_maistra), dela telefonoz (668 889  192 zenbakira hots eginda edo WhatsApp mezua bidalita). Hori bai, pazientzia beharrezkoa da, erantzunak ez baititu berehalakoan ematen. Egitasmo kolektiboa da Marimaistra. Goienak ekoizten du, Iban Arantzabal, Leire Narbaiza eta Joxe Rojasen ideia eta gidoiak oinarri.


 

 

ELHUYAR HIZTEGIAREN (eu-es/es-eu) laugarren edizioarekin batera, http://hiztegiak.elhuyar.org/ webgune berritua ere aurkeztu du Elhuyar Fundazioak. Hain juxtu, Elhuyar Hiztegiaren azken edizioa kontsulta daiteke gunean, baita Elhuyarren gainerako hiztegi elebidunak ere. Gunearen itxura zein mamia berritu dute. Interface berriaz gain, beste zenbait berrikuntza ditu. Esaterako, bilaketak egiteko aukera berriak edota hiztegi sarreren ahoskera entzuteko aukera. Gainera, webguneko hiztegiak aldi oro eguneratuko ditu Elhuyarrek, eta erabiltzaileek proposatutako hitzak ere landuko dituzte. Webgunean kontsultak egitea doakoa da, baina Elhuyar Hiztegia edo Elhuyar Hiztegi Txikiaren edizio berria erosten dutenek gune aurreratu bat erabiltzeko aukera izango dute, eduki eta zerbitzu berriekin: Android gailu mugikorretarako euskara-gaztelania/gaztelania-euskara hiztegia doan; Kindle irakurgailuetarako euskara-gaztelania hiztegia debalde; hitzei buruzko ohar osagarriak... Gune aurreratuko eskaintza, halaber, eduki berriekin eguneratuko dute.