Praktikatu orain, gero euskaraz bizitzeko!

praktikatu

Euskaltegietako matrikulazio kanpainarekin batera, AEK-k mintzapraktika programen kanpaina berria jarri zuen abian: Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi!. Horrenbestez, 2013-14 ikasturteko mintzapraktika egitarau asko (Berbalagun, Mintzalagun, Gurasolagun, Mintzakide...) dagoeneko martxan dira, baina oraindik ere eman dezakete izena parte hartu nahi dutenek. Euskal Herri osoan, 90etik gora dira horrelako egitasmoak, eta guztietan dago aukera ondo pasatzeko, elkar ezagutzeko eta, jakina, euskara praktikatzeko.
Dagoeneko hainbat lekutan egin dituzte aurkezpenak, esaterako, Enkarterrin, Ezkerraldean, Meatzaldean, Ermuan, Gernikan, Aiaraldean, Sakanan... Areago, batzuek egin dituzte lehen ekintzak ere: Durangaldeko berbalagunen 10. urteurren festa; Bermeon 1983ko uholdeen ostean herrian egin diren lanak eta gertatutako anekdotak ezagutzeko bisita gidatua; Portugaleten, Bilborako trenbidearen 125. urteurrenaren erakusketa ikustera joan ziren, Portugaleteko Rialia museora, euskaraz eta doan; Etxarri Aranatzen Taim eta Bremengo musikariak antzezlana... Gipuzkoan ere badago aukera  euskara giro jator eta alaian praktikatzeko, honako herri hauetan: Andoainen, Usurbilen, Zarautzen, Zumaian, Orion eta Azkoitian.
Gainera, mintzapraktika programetan parte hartzen duten guztiek, euskaraz mintzatzeaz eta gozatzeaz gain, hainbat abantaila dituzte. Argitalpenetan, adibidez,  AIZU! aldizkariaren urte osoko harpidetza (10 ale) merkeago dute (harpidetza arrunta 29€; mintzapraktika partaideentzat 23€). Berria egunkariak %50eko deskontua eskaintzen die asteburuetako harpidetzan. Eta Argia astekariari dagokionez, hilabetez (4 ale) doan jasotzeaz gain, deskontua izango dute harpidetza eginez gero (urte osokoan %25; hilean behineko harpidetza 39€). Unibertsitatean, berriz, Udako Euskal Unibertsitateak %25eko deskontua eskaintzen du ikastaroetan. Eta EHU-UPVko ikasleentzat aukera askeko kredituak daude mintzapraktika programaren batean parte hartzeagatik.

Informazio gehiago:
www.praktikatu.org