Hitz gurutzatuen txapelketa Basaurin

 

Hitz gurutzatuen txapelketak hirugarren edizioa izango du Basaurin azaroaren 9an, Bolintxu AEK euskaltegiak eta Enrike Jaio Kultur Elkarteak antolatuta. Halere, ohi duen moduan, ez da txapelketa hutsa izango, aukera aparta baita parte-hartzaileek elkar ezagut dezaten giro alai, patxadatsu eta, batez ere, euskaldunean.
Zapatu goiz osoa izango dute horretarako, goizeko 09:30ean hasiko den lehiaketak hiru aldi izango dituelako: sailkapena, finalerdia eta finala. Sailkapen fasean aurreneko 20 postuetan geratzen direnak pasatuko dira finalerdira, eta hortik lau baino ez dira iritsiko finalera. Finalistak agerian eta jendaurrean jokatuko dute, eguerdiko hamabiak eta ordu bata bitartean. Irabazleak Luma aldizkariaren urtebeterako harpidetza eta Euskal Herriko Txapelketarako dieta txiki bat eskuratuko ditu. Eta beste finalistek, berriz, harpidetza eta opari bana. Herri eta elkarte giroko mokadu batez emango diote amaiera goizari.
Bolintxu AEK euskaltegian eman beharko dute izena parte hartu nahi dutenek, 5€ ordainduta.