Ahize-AEK 30+10 Mintegian

imh

Urriaren 23an egin zen Elgoibarren 30+10 Mintegia, Makina Erreminta Institutuak (IMH) antolatuta, besteak beste, Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzarekin batera. Jardunaldiaren 8. edizio honetan, Hizkuntza-kudeaketa enpresan izan zen gaia.
AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak hasiera ekitaldian hartu zuen parte eta Ahize-AEK zerbitzuko Mikel Urdangarinek eman zuen lehenengo hitzaldia, Lanbide Heziketa eta Euskara. Gehitu proiektuko emaitzak izenburupean. Egindako azterketaren ondorioetako bat hau izan zen: “Ikerketan parte hartu duten 10 ikasletik 8k uste dute gai direla euskaraz lan egiteko, 6k nahiko lukete hala egin, eta 4k lortu dute aurten praktikak euskaraz egitea”.
Guztira, sei hitzaldik, tailer batek eta bi mahai-inguruk osatu zuten egitaraua. Guztietan aurkeztu ziren enpresa, ikastetxe eta erakundeentzat baliagarriak izan daitezkeen zerbitzuak, baliabideak eta esperientziak.