Bertso-eskolak, eskola baino gehiago

Abenduaren 15ean jokatuko den 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalak bertsolaritzaren agertoki erraldoi eta jendetsua bilakatuko du BEC. Fokuen argiak itzalitakoan, baina, lanean jarraituko dute hainbat eta hainbat eragile zein norbanakok, argiak piztu aurretik. Isilean, itzalpean, bertsolaritzaren alde nekaezin, besteren artean, bertsolaritzaren ezinbesteko hauspo diren bertso-eskolak. Bertsolaritzaren geroaren gaineko kezkak ez ezik, euskararen edota euskal kulturaren etorkizunarekiko ardurak ere eraginda sortu ziren lehen bertso-eskolak. Lehenengoak, dozena pasatxo, 1974 eta 1983 urteen artean. Ordutik, sekulako hazkundea izan dute. 2012-2013 ikasturtean, esaterako, 1.000 ikasle inguru ibili dira Euskal Herriko 127 bertso-eskoletan. Lurralde batzuetan sendoago, besteetan apalago, baina denetan ere lanean: Araban 14 dira, Bizkaian 28, Gipuzkoan 53, Lapurdin 10, Nafarroan 16, Nafarroa Beherean 4 eta Zuberoan 2. Jende askoren ekimen, esfortzu eta militantzia  eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen laguntza eta elkarlana daude datu horien guztien atzean. Puntako bertsolariak nahiz zaletu soilak izan, bertso-eskolen lanaren emaitza ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Maddi Sarasua bertsolariak iazko abenduko AIZU!-n esan zuen moduan, “ikasle guziak ez dira bertsolari aterako, baina horiengan sustraituko da biharko bertso mundua”.Eñaut Mitxelena, M. Egimendi, Maialen Errecart.

"Bertso-eskolarik gabeko bertsolaritzarik ez dut irudikatzen"

lagoma

Bertso-eskolen jarduna oso ondo ezagutzen du Erika Lagoma bertsolariak (Lesaka, 1981). Batetik, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko transmisio eragile delako duela bost urtetik. Bestetik, 11 urte zituenetik aritu izan delako bertso-eskoletan.

 “Bertso-eskolek ibilbide handia egin dute, eta, batez ere, beraien funtzioak zein diren argitu dute. Sortu zirenean, bazuten bertsolaritza berpizteko nahia, baina ez zekiten fruituak emanen zituzten ala ez”. Zalantza guztiak uxatu ditu orain arteko garapenak, eta bertso-eskolen sorrera garaian puri-purian izan zen eztabaidari ere erantzun dio: “Argi utzi dute bertsolaria egin ere egin daitekeela, berezkotik ere izan dezakeela baztertu gabe”.
Ibili horretan, azken urteotako joera goranzkoa izan dela uste du Lagomak. Zehazkiago, “helduen bertso-eskolak indartzen ari dira. Urte dezentean umeei begira egin dugu lan, eta konturatu ginen lan hori oso ongi dagoela, baina erdigunea helduen bertso eskoletan dagoela. Helduak dira irakasle edo antolatzaile izan daitezkeenak, eta bertsotan plazan egin dezaketenak. Guk funtzio hori ikusten diogu, batez ere, bertso-eskolari: herri eragile izatea”. Hots, bertsotarako elkartzen den taldea ez ezik, “herri ikuspegia eta herrian gauzak egiteko ikuspegia ere baduena”.
Nolanahi ere, bertsolaritzaren transmisioan bertso-eskola ez da eragile bakarra: “Antolatzaileak ere aipatu behar dira: bertso- eskola batekoa izan gabe bertsozalea izan den jendea, ekintzailea izan dena eta bere herrian bertsolaritza bizirik mantendu duena. Horiek dira transmisioaren hankak: plaza, bertsolariak, bertso-eskolak...”.
Horiez guztiez arduratzen da Bertsozale Elkartea, tokian tokiko egoerak aintzat hartuta. Bertso eskolen kasuan, Elkarteak saretzen ditu eskolak, haiekin elkarlanean jardunda, baina bakoitzaren izaera behartu gabe. “Bertso-eskola eragile autonomo bat da, eta Elkartearen eginkizuna da, bertso-eskola horrek nahi izanez gero eta Elkartearen ikuspegiarekin bat egiten badu, hor egotea elkarrekin lan egiteko”. Errealitate arras ezberdinak bizi baitira lurraldearen arabera. “Lurralde bakoitzean, oso erreferente ezberdinak daude. Azken urteotan asko hurbiltzen ari gara bertso-eskolak eta Bertsozale Elkartea. Adibidez, Iparraldean, Araban eta Nafarroan oso argia da elkarren arteko harremana. Basamortuak ziren, Bertsozale Elkarteak eskolak sortzeko lana egin zuen, eta orain helburua da beren kasa funtzionatzea eta herrietan txertatuak egotea. Aldiz, Gipuzkoan eta Bizkaian kontrako prozesua izan da: bertso-eskola asko Elkartea bera baino zaharragoak dira. Beraz, harremana beti izan da lausoagoa. Poliki-poliki, denborarekin, elkarrekin lan egiteko modua lortu dugu”.
Joan-etorriko bidea. “Momentu batean, Elkarteak apustua egin du bertso-eskolak sortzeko, baina, bestalde, bertso-eskolak dira Elkarteak herrietan izan ditzakeen begiak. Azkenean, Elkartearen proiektuan dagoen jende gehiena bertso eskoletako jendea da”. Esparru ezberdinak ditu Elkarteak, baina kezka berbera: “Belaunaldiz belaunaldi bertsolaritza bizirik egon dadila”. Horrenbestez, ”bertso-eskolarik eta eragilerik gabeko bertsolaritzarik ez dut irudikatzen, plazarik gabekoa irudikatzen ez dudan moduan. Absurdua litzateke, museoko zerbait izango litzatekeelako”.
Bertsolaritzaren geroaren inguruko kezkak ekarri zuen lehen bertso eskolen sorrera, baina zenbait kasutan, euskararen edota euskal kulturaren etorkizuna izan zen abiapuntua. Eta, jatorriaren antzera, jarduna ere ezberdina du bertso-eskola bakoitzak. “Mota askotako bertso-eskolak daude. Ez da bat eta bakarra, eredu bakarrekoa”. Hori bai, “pertsona guztiek dute lekua haietan”. Bertsorik sekula entzun ez duenak edota lagunartean bertsoak abesteko gaitasuna duenak. “Zorionez, mota askotako taldeak daude. Neurri batean, helduen bertso-eskolak hortik sortu dira: ongi pasatzeko, bertsotan ikasteko... Ez derrigorrean bertsolariak sortzeko asmoarekin”.
Izan ere, “bertso-eskolak badu asko aisialditik, ongi pasatzetik, taldea egitetik ere... Eskola bat izaten ahal da bertsoak egiten aritzea, beste bat mahai inguruan hizketan aritzea... Bertso-eskolaren gakoetako bat taldea da, eta bertan sortzen diren harremanak. Bertso eskolen arteko loturak ere harremanean oinarritzen dira, zerbait elkarbanatzen dugulako. Hori da, hein batean, helburua: etengabe sarea ehuntzea, bai herrian, bai lurralde mailan, baita Euskal Herri mailan ere”. Auzolanean jarraitu indarrak batzeko, “ez bakarrik bertsolaritzaren munduarekin, baizik eta euskalgintzako gainontzeko eragileekin. Urteotan, euskalgintzan, denok eraiki dugu gure etxea, baina orain, aurrerapausoak emateko, elkarrekin lanean hasi behar dugu, bakoitzak bere esparrutik. Zeren, bai, gu bertsolaritzaz ari baikara, baina baita herrigintzaz ere. Hori da bidea”.
Taldean egin beharreko bidea. Lagomaren aburuz, “taldea eta lan egiteko gogoa dira gure indarguneak. Zorionez, bai Elkartean eta bai bertso eskoletan biltzen den jendeak badu kezka bat, egin nahi bat. Herri hau bizi du, eta hori gabe ez litzateke ulertuko bertso-eskola gehienen eta Elkartearen lana”.

"Hemen trebatzen diren bertsolarik plazarako saltoa ematea da xedea"

testi

Miren Loizaga (Sopela, 1982) ALBE Algortako Bertsolari Eskolako idazkaria da, edo, hobe esanda, idazkari lanetan dihardu, elkarte honetako kideak militanteak baitira (ordukako langile bakar bat dute, ezinbesteko kudeaketa lanetarako). Loizagak Joseba Santxo bertsolaritza ikastolan ezagutu eta haren eskutik egin zuen bertsolari eskolarako bidea. Gaur egun, “bertsotan gutxi egin arren”, Zuzendaritza Batzordeko kidea da.

Algortakoa da bertso-eskola zaharrenetakoa, 1980an sortua, “Uribe Kostan bertsolaritza zabaldu nahian” dio Loizagak. Egun 80 bat kide batzen dituen elkartearen ardura nagusia “hemen trebatzen diren eskualde osoko bertsolariek plazarako saltoa ematea” izan arren, ALBE hori baino gehiago dela azpimarratzen du Loizagak, lau ardatz nagusi dituelako: “Eskola bera, ikerkuntza, ikastetxeak eta saioen antolakuntza”.
Loizagak dio eskola “bertso familia handi bat” dela: “Bertsolaritzak eta euskarak batutako oso jende ezberdina gaude, hainbat adin eta estilotakoak. Aberasgarria da gaztetxoen eta adinekoen arteko harremana, beste elkarte batzuetan ikusten ez dena”. 18 urtetik gorako jendearekin bi talde dituzte; eta 11 eta 17 bitartekoekin, beste lau. Getxoko Udalak utzitako Algortako Aldai Patronatuaren egoitzan biltzen dira, astean birritan.
Ikerkuntzari dagokionez, aspaldi hasi ziren Joseba Santxo eta Josu Landeta eskualdeko bertsoen berreskurapenean. Adineko jendea elkarrizketatu eta grabazioak egin zituzten, eta eskualdeko bertsolaritzari buruzko informazio guztia bildu eta ikertu, ez zegoelako ezer jasota: “Ildo horri jarraituz argitaratu du Fredi Paiak Uribe Kostako bertsolaritza (1900-1980) liburua aurtengo udaberrian”.
ALBEk hezkuntza arautuan ere badihardu, Nahikari Ayoren ardurapean: “Ikasturte honetan, Uribe Kostako 800 ume inguruk landuko dute bertsolaritza euskara ikasgaiaren baitan”. D ereduko ikastetxe gutxi batzuetan hasi eta egitasmoa handituz joan da, D eta B ereduko LH, DBH eta Batxilergoko ikasleen artean zabaltzeraino: “Bertso zaletasuna sustatzeko beste modu bat da; orain eskualdeko edozein umek daki zer den bertsoa edo nor den Euskal Herriko txapelduna. Gainera, ikastetxeak harrobia dira, gustura dabiltzanak ALBEra etortzen direlako”. Umeentzat onuragarriak dira eskola hauek, “hizkuntza maila aberastu eta irakurtzera zaletzeko ez ezik, orain hain estimatua den jendaurrean hitz egiteko gaitasuna ere lantzen dutelako”.
Bestalde, urtean 30 ekitalditik gora antolatzen ditu ALBEk eskualdean, jai batzorde, euskara elkarte eta bestelako taldeekin elkarlanean. Hasieran, bertso-eskolak hartu zuen Getxon bertso-saioak antolatzeko ardura, auzoetako jai batzordeekin batera, leku guztietako festetan gutxienez saio bat ziurtatzeko. Apurka-apurka, ugarituz joan dira: “Oso garrantzitsua da gure bertsolariei plazak eskaintzea, beti saiatzen baikara saio bakoitzean eskolako kide bat edo bi sartzen. Umeentzat ere motibazio handia da ikustea jaietan bertsoak kantatzeko edo saioa aurkezteko aukera dutela”.
Saio bereziak ere sortzen dituzte. Arrakastatsuak dira, esaterako, Algortako Bertso- Saio Mundiala edota Portu Zaharrean balkoitik balkoira egiten dena. Baita Bertso-pilota izenekoa ere, pilotari eskolarekin batera (lau pilotari jokoan eta botilero-bertsolariak euren jokalariak bertsotan animatzen). Bi urterik behin, Balendin Enbeita bertso-paper sariketa egiten da, eta, urtero, gazteentzako Abra bertso-sariketa.
Bestalde, eskolan bertan trebatzen dira txapelketetan parte hartzen duten eskualdeko bertsolariak ere. Bertso-eskolaren helburua ez ei da txapelak lortzea, baina ALBEn badute, besteak beste, Bizkaiko txapeldun bat: Xabi Paia. Halere, horri baino garrantzi handiagoa emango lioke Loizagak egun eskolan dituzten 40 gaztetxoak 10 urte barru eskolan jarraitzeari: “Bidean txapelen bat ekartzen badute, denok poztuko gara, baina ez da xede nagusia”. Hori bai, txapelketetako saioetara joaten direnean, hooligan bihurtzen dira ALBEkoak, “oso ondo pasatzen dugu geureak animatzen”. Orain, Txapelketa Nagusian dituzte Jone Uria eta Fredi Paia. Loizagarekin elkarrizketa egin genuenean, kanporaketak falta ziren artean. Beraz, apustu egiteko eskatu genion: pasatuko ote dute lehen fasea? Hona erantzuna: “Jone pasako dela uste dut. Eta Fredi... ere bai!”. Asmatu ote du?

"Bertsoak motibazioan eragiten du; ondorioz, baita euskararen ezagutzan eta erabileran ere"

artetxe

Bertsozaletasunaren transmisioa txikitatik eta naturaltasunez bizitzeko aukera izan zuen Miren Artetxe hendaiarrak (Lasarte, 1985). Halaber, Hendaiako bertso-eskolan ireki zenetik sartu zen; beraz, Iparraldeko lehen bertso-eskolen sorrera eta gorabeheren lekuko izan da. Gaur, bertsolaritzak Ipar Euskal Herriko gazteengan eta hizkuntza erabileran daukan eragina aztertzen ari da, Mintzola - Mikel Laboa ikerketa beka erdietsita.

 


Hamasei bertso-eskola daude gaur egun Iparraldean. Lehenak duela hogeita bat urte sortu ziren eta orduz geroztik izandako gorakadaren zergatiak ugariak direla dio Miren Artetxek: “Arrakasta honen azaltzea zaila da; uste dut arrazoi nagusia haurrek ongi pasatzea izango dela, eta ikastoletako bertso-eskoletan lan handia egin dela”. Hasieran, alta, “gazte ginelarik, gure bertsolari erreferenteak ez ziren hain erakargarriak, baina bertso-eskoletatik ateratako lehen belaunaldiarekin erreferente berriak sortu dira, gazteak bultzatu dituztenak” dio Artetxek. Honekin batera, “bertsolaritzak euskalgintzan zentralismoa hartu du, estatus berri bat, eta gero eta toki gehiago hedabideetan. Onarpen honek gazteen motibazioa areagotu eta ikasle kopurua gora eraman du”. Hala eta guztiz ere, nerabezaroko gatazkak dira motibazioan asko eragin lezaketenak, “hizkuntza eta nortasunaren inguruko gatazkak dira adin tarte horretan nagusi, gehienei euskal komunitatea murrizten zaie, erabilera gutxitu eta euskararekiko haustura gerta dakieke”. Aldiz, bertso-eskoletan jarraitzen dutenen motibazioa indartuz doala dio Artetxek: “Bertsoak motibazioan eragiten du; ondorioz, baita euskararen ezagutzan eta erabileran ere, batez ere kanpotik datorren erabileran. Bertso-eskolek hiztun osoagoak sortzen dituzte, gune sinbolikoa eta euskal komunitatea sendotzen dute”.
Iparraldean bertso-eskoletako ikasleen kopurua gora doala ikustea oso baikortzat jotzen du bertsolari hendaiarrak, eta irakasleen inplikazioa eskertzen du. Horrez gain, bertso-saioak antolatzeko nahikari herrikoia sustatu behar dela ere azpimarratzen du, “plazak sortu behar dira, gazteei bertsotan aritzeko tokiak eskaini”. Izan ere, “goitik datorren bertsolaritzaren merkatu bat badago, txapelketen inguruan dabilena, izan elkarte edo eragileek eratutakoa, baina sistema honek ez die bertsolari gazte guztiei lekurik uzten, elite bat mantentzearren”. Ondorioz, “merkatuaren saturazioak ez lieke gazteei muga bat jarri behar, zirkuitu berri batzuk antolatu behar genizkieke, beti ere haien motibazioa bultzatzeko”.
Haur eta gazteek bertsoarekin ezagu-tzen duten emozioa euskararekin izango dutela argi du Artetxek, hizkuntza kalitateak ez ditu honetan mugatzen, “bertso zaletze hau mantendu egin behar da, horri esker euskararekiko atxikimendua handitu egingo zaielako eta euskaldun guneak biderkatu egingo direlako”. Hortaz, Iparraldeko gazteen euskararen erabilpenean zuzeneko ondorioa dauka bertsolaritzak, gune erdaldunetan ere bai, kanpoko hizkuntzaren eragina murriztu eta euskaraz bizitzeko gogoa eta guneak biderkatzen baititu: “Ongi ari garela uste dut, nahiz eta ikasten ari garen oraino, bertso-eskolak duela gutxi sortu direlako, baina baikor nago geroari dagokionez, jende motibatua baldin bada, lortuko dugu.”