Krisi garaian beste bati barrea eragitea oso zaila da

elbiElbi, sabeliztuna

Lanbidez Osasun saileko kontularia bada ere, zirkua du pasio Ramon Irizar (Bilbo, 1960) donostiarrak. Elbi izen artistikoarekin sabeliztun aritzen da, eta Montxo ezizenarekin3 pailazo, Gari, Montxo & Joselontxo hirukotean. 12 urterekin hasi zen pailazo, eskolan osaturiko talde batean, eta adin bertsuan bentrilokia bere kabuz lantze. Ordutik Europako hainbat zirkutan ibili izan da pailazo, eta sabeliztun gisa haur nahiz helduentzako emanaldiak eskaini ditu, tartean ETB1eko haurrentzako zenbait saiotan.

 

Sabeliztuna, pailazoa edo artista?
Helburua zein da? Jendeak barre egitea. Gero leudeke horretarako erabiltzen diren bideak: sabeliztuna izan, pailazoa edo musika tresnak baliatu. Agian, pailazoa aukeratuko nuke, gehien maite dudana da.
Sabeliztunak ez zarete oso ugariak.
Ez. Orain arte jendeak pentsatu izan du sabeliztuna pertsona arraroa dela. Orain hasi da gehiago ezagutzen hemen, batez ere globalizazioa dela-eta AEBetatik iritsi zaigunari esker. AEBetan tradizio handia dute: elkarteak dituzte, panpina egile asko, kongresuak... Euskadin tradiziorik ez da izan. Harro esan dezaket Euskadin bakarra naizela.
Zein da sabeliztunaren sekretua?
Jendeak pentsatzen du sekretua ezpainen kontrolean dagoela. Ez da hala. Panpina eskuetan edukita erreala izatea, hori da sekretua. Ezpainen kontrolak eta ahotsak ondo ezberdintzeak hori lortzen laguntzen du. Eta gaur egun, hori guztia umorez egitea eskatzen da. Diafragma ere kontrolatu behar da, eta ahotsa zaindu. Ez dago sekreturik: panpina hartu, ispilu aurrean jarri eta hitz egiten hasi. Asko praktikatu behar da.
Ikasi egiten da edo berezko dohainak behar dira?
Ikasi, dudarik gabe. Ikastea, diziplina eta, batik bat, bokazioa behar dira. Gustatu egin behar zaizu, oso gogorra delako. Egunero landu behar da.
Panpinak zer dira? Lagunak, lankideak...
Lagunak. Eta, momentuaren arabera,
etsaiak ere bai. Adibidez, eguraldi ederreko egun batean lokalean entseatzera sartu behar denean... Baina egin behar duzu.
Zenbat dute panpinek Ramonetik?
Ez dakit. Hori aztertzeko kanpoko norbait beharko nuke. Irakurri dudanarengatik, panpinek izaten dute sabeliztunetik zer edo zer. Panpina-umeek jendarteak ezartzen dituen rol eta arauak apurtzen laguntzen dute, berez egin eta esan ezin direnak eginez eta esanez. Pailazoekin gauza bera gertatzen da: ni orain morroi lasaia naiz, oso normala, baina sudurra jartzen badut, eraldatu egiten naiz.
Zirkuak eman ditu bere onenak?
Oraindik asko du emateko. Egun, Cirque du Soleil-ekin identifikatzen da zirku modernoa. Ikuskizun harrigarriak dituzte, oso onak, baina nik zirkuari beste gauza bat eskatzen diot: nagusiki, alaitasuna. Cirque du Soleil  giro ilun batean ikusten dut beti, anglosaxoien mentalitatea barneratuta. Niri Europako zirkua gustatzen zait, tradizionala, baina oso ondo egina. Halakoak Frantzian, Alemanian... ikus daitezke. Zirkuek bide luzea dute egiteko, baina euren burua ireki behar diete beste gauzei, teknologia berriak txertatu... Barruko alaitasuna ez galtzeko eskatuko nioke zirkuari, egun jendeak alaitasuna behar baitu. Krisi garaian beste bati barrea eragitea oso zaila da.

 

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna?
Musikak.
Eta tristatu? Musikak ere bai.
Zerk eragiten dizu barrea? Umeek.
Eta negarra? Politikariek.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Politikariek.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Suhiltzailea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Politikaria.
Bizio bat: Txokolatea.
Sabeliztun bat: Hainbeste dira! Bat esatekotan, Jeff Dunham.
Pailazo bat: Ez da erraza. Hiru: Popey, Juanito Moreno eta Manolo Martini.
Zirku konpainia bat: Circus Kröne (Alemania).


Eñaut Mitxelena