Motibagarria da

paia

Zenbaitek euskaldun jaiotzeko zortea izaten badute ere, asko dira oraindik mundura euskararekiko zilbor-hesterik gabe sortzen diren lurtarrak. Planetako edozein bazterretan munduratzen dira, bizitzako uneren batean euskalduntzeko erabakia hartuko dutela jakin gabe. Halako batean, ordea, Axularren hizkuntzaren deia jasotzen dute eta euskara ikasteari ekiten diote. Baina… zer da dei hori? Zergatik ikasi euskara? Zerk bultzatzen du gizaki hilkor arrunt bat ergatiboz eta atzizkiz beteriko labirintoan sartzera? Bada, Jon Sarasuak dio lau direla horretarako motiboak. Lehenbizikoa fluxu-motibazioa da: euskara hizkuntza zaharra da eta, katea eten ez dadin, asko dira ele zaharraren jarraipena bermatzeko euskaltegian matrikulatzen direnak. Bide horretan garrantzitsua da kateratutako begi berriek ez sentitzea haria fintzen ari dela, hau da, belaunaldiz belaunaldi euskarak indarra galtzea saihesteko neurria martxan jartzea. Bigarren motibazio bat pragmatikoa da: zorionez, gero eta jende gehiagok onartu du euskarak lantokietako ateak zabaltzen dituela. Tamalez, euskaraz jakitea eta jardutea ez dira orpoz orpo egiten diren pausoak eta pragmatika ez da nahi bezain funtzional gertatzen. Hirugarren motibazioari balio erantsiarena deitzen dio Sarasuak: zer ematen dit euskarak frantsesak edo gaztelaniak ematen ez didatena? Hizkuntza txikiek badituzte handiek ez dituzten abantailak, eta euskararen diferentziala hiztun berri askoren amu izan daiteke. Gurea baino ez da Europako ele bitxi hori, jatorri eta iraupen ezin misteriotsuagoak dituena. Azken motibazioa, definitzen zailena izan daitekeena, nik motibazio utopikoa deituko nuke: jende askok mundu hobe baterako pausoak eman nahi ditu, eta jasangarriagoa, ekologikoagoa eta berdinzaleagoa izango den gizarte horretarako bidea euskararen bitartez egin nahi du. Lau motibazio, mila motibo! Egia esan, sekula ez da izan gaur besteko erraztasun eta baliabiderik euskara ikasteko: berbalagunak, topaketak, eskolak, sarea… Euskara ikastea abentura zeharo motibagarria da.

Xabi Paia