LABURREAN

hirinetHIRINET Gasteizko Euskaldunon atariak BloGazte Euskarazko Blogen I. Lehiaketa antolatu du Gasteizko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean. Euskara, gazteak eta teknologia berriak sustatzea du helburu, gazteen artean euskararen erabilera areagotzeko. Horrenbestez, Gasteizen bizi edo ikasten duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte har dezakete lehiaketan. Blog pertsonalak eta taldekakoak sarituko dituzte, eta Publikoaren Saria ere banatuko dute. Lehiaketan izena emateko epea urtarrilaren 12an amaituko da. Xehetasun gehiago jaso nahi duenak, www.hirinet.net gunera jo beharko du.

MUNDUAN barreiatuak diren euskaldunak eta euskaraz egin ahal izateko tokiak kokatu eta haiekin sarea sortzeko helburua duen Mintzatu.com gunea berritu eta hobetu du Azkue Fundazioak, Mintzatu 2.0 sortuta. Hala, esaterako, gailu eramangarrietarako erabilgarri izanen da aurrerantzean. Horretarako aplikazioak eskuratzeko loturak Mintzatu.com gunean bertan aurki daitezke. Bestelako berritasunik ere badu Mintzatu 2.0k, hala nola, erabiltzaileentzako baliabide eta joko berriak.