Neurrikoa

paia

Badakit ez dagoela hizkuntzak neurtzeko gailurik, baina tamainak bizitzako arlo orotan ardura duen heinean, eleena ez da salbuetsi dezakegun esparrua. Eta… zein da euskararen tamaina? Horixe zen Kike Amonarrizek berriki estreinatutako Tribuaren berbak saioan ikus-entzuleei egindako lehenbiziko galdera. Erantzunak zerotik hamarrera bitarteko erregela batean markatu behar zituzten oinezkoek nota eskas samarrak eman zizkioten Bilintxen mintzoari, eta gutxiegiko kalifikazioa jartzeko argudioak eman ere egin zituzten. Tolosako aurkezleak segidan azaldu zuen euskarak bederatzitik gorako nota merezi duela, milioi batetik gorako hizkuntzak 400 baino ez baitira, lurrazalean 7.000 ele izan arren. Galdekatutako oinezkoek ezin sinets zezaketen ahoan zerabiltzaten munduko ikuspegiaren marka bikaina, baina, ezustekoaren tupustekoa gainditu bezain laster, batek baino gehiagok adierazi zituen bere poza eta zoriona… Irakurlea, une hori desatsegin samarra egin zitzaidan: urruneko urliaren edo sandiaren egoera kaskarrak izan ote litezke norberaren egoera pattalaren kontsolagarri? Euskara baino okerrago dauden 6.600 hizkuntzen biziraupenak zertan hobetzen du gure egoera? Akaso geure buruari buruzko iritzia txukuntzen lagunduko digu, baina, metaforetan urrunegi jotzeko asmorik ez badut ere, auzokoaren Gabonetako arbolako apaingarri kopuruak markatzen du gureak asko ala gutxi dituen, ez egunero ikusten ez dugun urrunekoarenak. Eta Cervantes zein Camusen pinuak Axularrena baino handiagoak dira. Gurea handia izan omen zen, eta gaur hala ez denez, batzuek “gutxitua” deitzen diote, eta ziurrenik abizen hori ezarriko diote lehengo tamaina berreskuratu arte. Beste batzuek “eremu urrikoa” deitzen diote, lursail txiki jakin bateko landarea balitz bezala, gure lorea beste zoru batzuetan hedatzerik ez dagoelakoan. Katalanek diote eurena hizkuntza “ertaina” dela, ez baita gaztelania bezain “handia”, baina “txikia” ere ez. Nik argi daukat: euskarak ez du ezinbestean erdara erraldoien tamainakoa izan behar, ezpada gainerako hizkuntzekin batera luzaroan bizitzeko neurrikoa.

Xabi Paia