Zer egingo zenuke Iruñeko entzierroetan jendetza arazoak saihesteko?

ikamika

Iruñeko sanferminetako entzierroen masifikazioa hizpide izaten da urtero. Aurten, gainera, zazpigarrenean plazaren sarreran sortutako jende pilaketak eztabaida bizitu du. Arazoak saihesteko, udal ordezkariek, alderdi politikoek, korrikalariek, artzainek, lagunarteek eta bestelako eragileek osaturiko Entzierroaren Mahaiak hainbat neurri jorratu ditu baina emaitzarik gabe. Guztiak bat etorri dira entzierroen arriskuaren inguruko informazioa areagotu beharrarekin, baina gainontzean ez dute neurri zehatzik adostu. Udalak entzierroaren araudia gogortu nahi du, portaera desegokiak orain baino isun handiagoekin zigortuz, baina arazoa errotik landu behar dela uste du beste zenbaitek. Hau da, masifikazioa eragozteko neurriak hartu eta jarrera desegokiak saihestu behar direla, batez ere kanpotarren artean. Izan ere, atzerrian eskaintzen den irudia oinarri, atzerritar askok entzierroa ikuskizuntzat hartzen dute, alegia, arrisku gutxiko kontutzat. Nola egingo zenioke aurre entzierroetako masifikazioari?
Iruñezar AEK euskaltegiko arratsaldeko B2 mailako taldea

1. Heber Ibar

Korrika egiten jakingo banu, Santo Domingo aldapan egingo nuke, jende gutxiago egoten baita. Baina uste dut askoz hobeto nagoela hesiaren atzean edo tabernan. Jendeak hori egin beharko luke.

2. Edu Aranguren

Gorriz eta zuriz jantzita ez bazaude, ezin duzu korrika egin. Nire ustez, sanferminetako jantzia ederra da, ohitura izugarria. Horrela desmasifikatuko da entzierroa.

3. Irantzu Iribarren

Nire ustez, bi entzierro egon beharko lirateke:  bata zezenekin, korrika egin nahi duen jendearentzat, eta bestea zezensuzkoarekin, mozkorrentzat.

4. Jabi Gorriz

Nik entzierroa eguerdian egingo nuke, ziur aski jende eta mozkor gutxiago egongo litzateke eta.

5. Uxue Setuain

Nire ustez, entzierroetan jendea kontrolatzea oso zaila da, asteburuan batez ere. Horregatik, pertsona bakoitzak argi izan behar du nola dagoen entzierroan korrika egiteko.

6. Pedro Urrutia

Jaietako egitarautik entzierroa bera kenduko nuke. Zezenik ez badugu, kaleetan zehar ez badugu zezenik aske uzten, ez da zauriturik egongo: ez zezenen, ez jendearen artean.

7. Mikel Lizarbe

Nire ustez, nahi duen guztiak parte hartu ahal du entzierroetan. Horrela entzierroak dibertigarriagoak izango lirateke. Zergatik parte hartu ahal dute batzuek eta besteek ez?